Iritzia

Buruila

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2025eko irailaren 21a

"Asmo berrien hilabetea ere izan ohi da buruila: erretzeari utzi, gimnasioa..."

Iraila, iraren hila edo iratzearen hila. Iratzea irailean biltzen zen mendian, bai ganadu oherako, baita simaur edota ongarri gisa erabiltzeko ere.

Euskal Herriko beste txoko batzuetan agorra (Gipuzkoa), buruila (Lapurdi/Behe Nafarroa), setemere edo bürüila (Zuberoa), urrie edo urra, (Bizkaia eta Nafarroan) edota urri lehena ere esaten zaio hilabete honi.

Baina erreparatu diezaiogun buruila-ri: buru hila. Izan ere, txoko batzuetan urtea hilabete honetatik zenbatzen hasten ziren: uzta jaso eta ziklo berri bati hasiera emanez.

Hirian bizi garen gasteiztarrok uztaz askorik ez dakigun arren, ikasturteari ere hasiera ematen diogu bederatzigarren hilabetearekin batera.

Ez da urte berria hastea bezalaxekoa, baina ia-ia. Gurasoontzat iraileko malda latza izaten da: errutinarekin martxan jarri, haurren egokitzapenak, ordutegiak berriro ere berrezartzea...

Asmo berrien hilabetea ere izan ohi da buruila. Gimnasiora apuntatu, erretzeari utzi, ikasturteko ekintzetan izena eman, auzoko eragileren batean parte hartu... Kurtsoaren hasiera zoroan murgiltzen gaituen zurrunbiloa, alegia.

Nik ere asmo berri horietako bati ekin diot: korrika egiten hasi naiz, norbere osasuna zaintzeko ez baitago kirola bezalakorik. Eta, bide batez, hiriko zenbait lasterketa solidariotan izena eman dut. Egiten dugunari erronkak jartzeak lagundu egiten du eta.

Ikusi beharko dugu oporren bueltako uzta jaso ostean asmo eta gogo beretsuz jarraitzen dugun datozen hilabeteetan. Oraingoz, gogotsu. Burua galdu gabe, ekin diezaiogun ikasturte edota ziklo berriari.

Mitxel Elortza Exea.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago