1990eko hamarkadako telesail ospetsuena bueltan da Makusi plataformaren eskutik. Dragoi Bola belaunaldi oso bat euskaldundu zuen telesailaren itzulera gogotsu hartu dugu euskaltzale askok. Zoritxarrez, lehen kapitulua ikusten hasi orduko konturatu naiz zer normalizatuta zegoen garai hartan matxismo eta sexismoa. Hori dela eta, sare sozialetan gaiaren inguruko hausnarketa partekatu nuen: "Dragoi Bola 2025ean gurera ekartzeko ez litzateke egungo egoerara egokitu beharko?".
Disney-ko filmetan adibidez ohar batzuk txertatu zituzten duela urte batzuk edukiaren sexismoa eta arrazismoaz ohartzeko. Beste film batzuetan eszena batzuk ezabatu egin dira ere adibidez.
Dragoi Bolan Bulmaren irudia sexualizatu egiten da hasiera-hasieratik. Eta Dordoka Maisuaren pertsonaia? Pederasta eta matxista galanta... Gaur egun haurrei eredu okerrak ematea oso larria da, eta jarrera sexista eta matxistak normalizatzeko arriskua dakar.
"Horrenbesterako al da matxismoa ahalbidetzen duten pasarteak berrikustea?"
Halere, are gehiago larritu naute sareetan hainbat erabiltzailek emandako erantzunek: zentsura salaketak, progrekeriak direla, artelanak ez direla ukitu behar, kosmopaleto progrea euskararen aurretik lehenesten dela, deskalifikazioak... Ziur aski gizonak izango dira kontu horien atzetik dauden gehienak eta testosterona maila altuegia dute ganoraz eztabaidatu eta berdintasunaren aldeko betaurreko moreez gaia aztertzeko.
90eko hamarkadako gizartea ez da gaur egungoa. Zorionez, azken 35 urteetan berdintasunaren aldeko pauso esanguratsuak eman dira, oraindik ere lan asko egiteko dagoen arren. Benetan horrenbesterako al da sexismoa eta matxismoa ahalbidetzen dituzten pasarteak berrikustea? Badirudi batzuentzat baietz...
Agerikoa da gizarte honetan oraindik ere izugarrizko lanketa dagoela egiteke. Horregatik, 7 dragoi bolak bildu eta Shelongi nire guraria eskatuko diot: etorkizuneko belaunaldiak euskaraz berdintasunean heziko dituen programazio duina, arren!
Mitxel Elortza.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.