Eskola askotan "Gabonak" hitzaren ustezko kutsu erlijiosoa dela eta, "Neguko oporrak" erabiltzen hasi dira. Ez deritzot txarto, baina ez dut uste "Gabonak" edo "Eguberriak" hitzak kutsu erlijiosoarekin lotu behar direnik. Azter ditzagun hitz hauen etimologia eta lotutako ohiturak.
Eguberria, egun + berri, eguzkia berritzen edo luzatzen hasten den uneari egiten dio erreferentzia, neguko solstizioari, alegia.
Gabon, euskaraz edozein urteko gauetan agurtzeko erabiltzen den formula, beste izen batzuekin ere ezagutzen da: Olentzero-gaba, Oiartzunen; Suilaro-atxa, Saran; Xiularo, Uhart-Mixen.
Gau honetan egiten den suari ere Gabon deitzen zaio, gaua eta erretzen den enborrari bezala. Enbor honek ere beste izen batzuk jasotzen ditu herrialdearen arabera:
- Olentzero-enbor, Oiartzunen.
- Onontzaro-mokor, Larraunen.
- Gabon-mukur, Bedian.
- Gabon-subil, Antzuolan eta Abadiñon.
- Gabon-zuzi, Zegaman.
- Subilarro-egur, Aezkoan.
- Suklaro-egur, Zaraitzun.
- Sukubela, Liginagan.
- Porrondoko, Agurainen.
Elduainen egiten zuten suak handia izan behar zuen Olentzero tximiniatik jeitsi ez zedin, hangoen ustetan igitaia eskuan zuela bertakoak hil zitzakeen eta. Bedian gabon enborrak etxea babesten zuela sinesten zuten, Ibarrurin enborraren errautsak basapiztiak uxatzen zituela sinesten zuten, eta Liginagan artaldeetan emeak jaiotzeko ahalmena zuela.
Beraz, hitzaren beste aldaera horiek guztiak ezagututa, ez al da zilegi Gabon eta Eguberri hitzak mantentzea lotura kulturala mantendu eta Neguko oporrei erreferentzia egiteko?
Agerikoa da naturarekin, Amalurrarekin eta Neguko solstizioarekin duten lotura. Beharrezkoa ote da orduan deitura berriak erabiltzea orain arte ditugunak erabili beharrean?
Eskola bakoitzak erabaki dezala, baina lerro hauek balio dezatela sikiera hartzen ditugun erabakien inguruan hausnartzeko.
Eguberri on guztioi!
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.