Iritzia

ETB 2: itxi ala birformulatu?

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2022ko abe. 12a, 14:00

Euskaraldiaren 'ahobizi' txapa bat Teleberrian. / Argazkia: EITB

Abenduaren 31n 40 urte beteko ditu EITBk. Euskararen normalizaziorako tresna nagusi bilakatzeko sortu zen arren, norabidea zeharo galdua du Euskal Telebistak. Gaztelaniazko katea da erreferente nagusia; eta euskara, hutsaren hurrengoa.

1983tik 1986ra ETB euskaraz zen. 1990. urtera arte oreka zegoen euskarazko eta gaztelaniazko programazioan. Gaur egun, haatik, oreka hori guztiz irauli egin da. Eta desoreka horrekin batera, ETBren bi kateen beherakada oso nabarmena izaten ari da. Azter ditzagun datuak.

"1997an goia jo zuen ETB1ek (%7,5). 2005ean %5era jaitsi zen, eta 2010etik %2aren bueltan dago, burua altxa ezinik"

2005ean ETB2k %18,4ko ikusle kuota izan zuen; 2021ean, aldiz, %9koa. ETB1en beherakada askoz lehenago hasi zen. 1997an goia jo zuen euskarazko kateak, %7,5eko kuotarekin. 2005ean %5era jaitsi zen, eta 2010etik %2aren bueltan dago, burua altxa ezinik.

Azkenik, ETB3 haurren katea dugu. 2008an sortu zenetik, haurren kateak ez du inoiz emaitza paregaberik erdietsi, baina 2012 eta 2014 urteen artean lortutako %0,9tik oso urrun dabil azken urteotan. 2022ko datua (2008koa kontuan hartu gabe) sortu zenetik okerrena izan daiteke: %0,15eko batezbestekoa izan baitu orain arte. Zein urruti geratzen diren Super Batek eta Betizuk zituzten bazkide datu bikainak (100.000 eta 75.000, hurrenez hurren), eta haurrentzat erreferente zen programazioa.

 

Halere, ez da harritzekoa horren ikusle kuota txikia izatea, programazioa oso errepikakorra baita, eta haur euskaldunek beste kate batzuetara jo behar izaten dutelako kapitulu berberak ikusteaz asperturik daudelako.

"Haur euskaldunek beste kate batzuetara jo behar izaten dutelako kapitulu berberak ikusteaz asperturik daudelako"

Emaitza hauen guztien arrazoiak bilatze aldera, hurrengo datuak argigarriak izan daitezke:

1. 2021etik ETBk 504 film erosi ditu: 458 gaztelaniaz, 28 gaztelaniaz eta euskaraz, eta beste 20 gaztelaniara bikoiztu ditu. Bakar bat ere ez euskaraz. Serieen kasuan, 48 erosi dira; horietatik 17 euskarara bikoiztu dira, 11 gaztelaniara eta 20k gaztelaniako banda zuten.

2. Nafarroan ETB3 ikusi ezinik jarraitzen dute, nahiz eta EH Bilduk Sanchezen gobernuarekin lortutako akordioan 2022. urterako ikusiko zela adostu zuten.

3. ETB2k maiatzetik irailera 130 film eman ditu gaztelaniaz. ETB1ek, ordea, bakar bat ere ez.

4. Azken 14 urteetan, ETBk parte hartu duen 208 ekoizpenetatik soilik 70 izan dira euskaraz.

5. Sei urtean bikoizleei soldata ia %40 jaitsi diete. Orain, soldataren beherakadari lan bolumena gehitzen zaio. Orain ETBrako 100 ordu daude esleituta euskaraz bikoizteko. Duela 10 urte 400 ziren, eta ordurako beherakada oso nabarmena zen jada: 1991n 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an, 536 ordu; 2006an, 470 ordu, eta 2013an; 132 ordu.

6. Euskaraldian zehar, ETBk 14 film igo ditu Nahieran plataformara, denak erdaraz.

 

"Euskaraldian zehar, ETBk 14 film igo ditu Nahieran plataformara, denak erdaraz"

Euskaraldiarekin jarraituz. Hamabost egunez, Zupiria jaunak txapa soinean eraman duen bitartean, harrotasunez aipatu du azpidatziak direla bidea, orain arte ildo horretan pausorik eman ez duen arren. Euskaraldian zehar ahobiziak erdaraz barra-barra entzun ditugu ETBn. Beste aukera galdu bat. Euskaraldia momentu aproposa zen telebistan ere hizkuntza ohiturak aldatzeko, ETB2ko programazioa euskaraz eman eta gaztelaniazko eta frantsesezko azpitituluekin eskaintzeko.

Orain arte, ETB2k euskaldunak elkarrekin erdaraz mintzatzen jartzeko gaitasun handia erakutsi du. Noizko erdaldunak euskaran murgiltzekoa? ETB2k ez dio euskarari inolako ekarpenik egiten, eta premiazko neurriak hartzeko eskatu nahi diot Eusko Jaurlaritzari: ETB2 itxi ala birformulatzea, alegia. Horrez gain, ETB1 eta ETB3 ere errotik aldatu beharko lirateke. ETB1ek kirolak baino zerbait gehiago eskaini behar digu euskaldunoi, eta ETB3k haur euskaldunen erreferentziazko katea izan nahi baldin badu, asko du aldatzeko.

"Euskaraldian zehar ahobiziak erdaraz barra-barra entzun ditugu ETBn. Beste aukera galdu bat"

Beraz, ETBk euskaldunak euskaraz aritzera bultzatu behar ditu, eta baita erdal hiztunak euskarara ekartzea ere.

Bukatzeko, EITBn kalitatezko programazioa lortzeko, tokiko sorkuntza izan behar da oinarria, eta nazioarteko puntako edukiak euskarara bikoiztu edota azpidatzi behar dira. Horrez gain, euskararen erabilera maldan behera dagoen honetan, gure hizkuntza eta kulturarekiko atxikimenduaren lanketa berezia beharrezkoa da.

Herria da gorputza; hizkuntza, bihotza. Ez dezagun bihotza gal, arren.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago