Hezkuntza sailak eta sindikatuek maiatzean akordioa sinatu zuten 2023-24 ikasturtetik aurrera eta adin txikienetatik hasita, ikasgeletako haur kopurua murriztu, ingelesa 3 urtetik irakasten hasi eta gorputz hezkuntzako eskola-orduak indartzeko. Horrela, ratioak jaitsi egingo dira, hezkuntza kalitatea hobetu ahal izateko. Gorputz Hezkuntzako orduak indartzeak egun teknologia berrien ohitura kaltegarriak haur eta gazteen artean orokortzen ari diren sedentarismoaren ondorioak arintzea du helburu. Aipatutako neurriak oso egokiak iruditzen zaizkit, eta hezkuntzaren kalitatea hobetzen lagunduko dute ezbairik gabe. Ingelesa txikiagotik irakasteak, aitzitik, zalantza handiak pizten dizkit. Hainbat ikerketaren arabera, garrantzitsuena ama hizkuntzan edo bertako hizkuntzan murgiltzea da, eta atzerriko hizkuntza beranduago txertatzea, gutxienez irakurtzen eta idazten dakiten arte. Gainera, atzerriko hizkuntza lehenago ikasten hasteak ez du etorkizunean emaitza hobeak erdiesteko inolako bermerik ematen, eta zientziak edota matematika ingelesez egiteak arlo hauetako konpetentzia jaistea besterik ez dakar, ikasleek ez baitute irakasgaia sakontasun nahikoan lantzeko mailarik. Hau da Hezkuntza sailak hartu duen norabidea, ezin baita ahaztu Hezkuntza Lege Berriaren zirriborroak irakaskuntza hizkuntza bilakatu nahi dituela bai gaztelania eta baita ingelesa ere, hauen orduak biderkatuz.
Ondorio guzti hauek aztertuta, agerikoa da 3 urteko haur batek bere emozioak adierazteko, abestien bidez gozatzeko edota bere beharrizanei erantzuteko, garrantzitsuagoa litzatekela musika 3 urteko geletan txertatzea, eta ez ingelesa. Musikak haurren motrizitatea, gaitasun erritmikoak eta gorputz adierazpena garatzen laguntzen du. Baita euren sentimenduak adierazten ere. Guzti hauek berebiziko garrantzia dute eskolako lehenengo urteetan.
Horixe da gaurkoan azpimarratu nahi dudan ideia nagusia: musikak hezkuntzan duen garrantziaz ohartaraztea, alegia. Musikaren irakaskuntza behin eta berriro gutxiesten dute bai politikariek eta baita hezkuntza lege guztiek ere. Europako lurralde gehienetan musikari garrantzia handiagoa ematen diote, Hego Euskal Herrian izaten ditugun orduen bikoitza dute, eta gainera, gerora emaitza hobeak erdiesten dituzte ikasleen ebaluazioetan arlo guztietan. Musika-hezkuntza ezin da gaitasun bakar batean sailkatu, frogatuta baitago oinarrizko gaitasun guzti-guztiak garatzen laguntzen duela.
Ildo beretik, musikak ez du soilik musika konpetentzia garatzen, haurraren garapen kognitiboan oso eragin positiboa du eta. Musika entzun eta interpretatzean, garuna eta adimena aktibatu egiten dira, emozioak, irudimena eta sentimenduak piztuz. Musikarekin garuneko bi hemisferioak aktibatzea eta haien artean konexio gehiago sortzea lortzen dugu. Ezkerreko hemisferioa alderdi logikoaz, arrazoiketaz, zenbakiez, hizkuntzaz eta abarrez arduratzen da. Bestalde, eskuineko hemisferioak funtzio intuitiboak, irudimenezkoak eta sormenezkoak kudeatzen ditu.
"Musika-hezkuntza ezin da gaitasun bakar batean sailkatu, frogatuta baitago oinarrizko gaitasun guzti-guztiak garatzen laguntzen duela"
Zer gertatzen da musika entzun edo interpretatzen dugunean? Gure garunaren eskuinaldeak gure emozioekin hegan egiten lagunduko digu, eta ezkerraldea obrak aztertuz, abestien letren zentzua bilatzen edota musika irudi eta erritmoak eraikitzen aktibatuko da.
Musika zientzia hutsa da, matematika eta fisika; baita hizkuntza eta artea ere; eta ez da ohikoa irakasgai bakar batek hainbeste alderdi izatea.
Onura guzti hauek ikusita, ulertezina da musikak gizartean duen garrantzia txikia. Hori gutxi balitz, musikak arte plastikoekin batera partekatu behar du Arte Hezkuntza arloa. Musika eta plastikak hizkuntza ezberdinak dituzte, eta, beraz, bereizita egon beharko lukete. Batera proiektu ederrak sortu daitezke, baina bakoitzak bere arlo propioa izanda, eta gaitasun ezberdin gisa ebaluatuz.
Aipatu ditzagun motzean musikak ikasleengan dituen eragin positibo nagusiak:
1.- Memoria, ikaskuntza, kontzentrazioa eta sormena indartzen ditu.
2.- Estresa eta antsietatea jaisten laguntzen du.
3.- Hizkuntza berri bat ikasteko gaitasuna handitzen du.
4.- Arazo neurologikoei aurre egiteko oso baliagarria da. Gelan beharrizan bereziak dituzten haurrentzat bereziki.
5.- Emozioak helarazten laguntzen du.
Münsterreko Unibertsitatearen (Alemania) edo Harvard Medical Schoolen ikerketek musikak haurren eta nerabeen garapenari dakarzkion onurak erakusten jarraitzen dute, eta Europako Batasunak ere urteak daramatza bere estatu kideetan musika-hezkuntzaren aldeko apustu irmoagoa eskatzen. Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan oraingoz ez dirudi kasu egin dietenik.
David Bueno biologo genetistak hausnarketa interesgarria egiten du: "Izugarria da musika, plastika eta gorputz hezkuntzako orduak mugatzea, dauden ikaskuntzarik transbertsalenak direlako". Onura horiek aprobetxatzeko, funtsean, Lehen Hezkuntzako irakaskuntzaren egungo eskemarekin haustea proposatzen du, matematika, zientziak, hizkuntza... bezalako ikasgaien arabera egituratu ordez, hiru horiek enbor gisa dituen egitura berri bat sortzeko.
Buenoren arabera, "musika garuneko gimnasia bat da, garun osoa aldi berean aktibatzen duten jarduera bakarretakoa da; biderketa bat ebaztea baino gehiago". Neurozientziak 20 urte daramatza norabide horretan ikerketak plazaratzen.
Duela bi hamarkada, hain zuzen ere, Martin F. Gardiner doktoreak, Providenceko Musika Eskolako (Rhode Island) zuzendariak, Nature (1996) aldizkari zientifikoan adierazi zuen bereziki diseinatutako musika eta arte hezkuntzak hobekuntza ikusgarriak ekar zitzakeela irakurketan eta matematiketan. Emaitza akademiko txarrak izan zituzten 5 eta 7 urte bitarteko haurrekin egindako esperimentu baten bidez egiaztatu zuen hori; izan ere, musika-eskolak jaso ondoren, irakurketan onenen parekoak izan ziren, eta matematiketan, hobeak. Harrezkero, Buenok dioen bezala, ildo horretako hainbat ikerketa argitaratu dira.
Aipatutako guztiagatik, bada garaia hezkuntza saileko arduradunek behingoz musika balioetsi dezaten, gure ikasleen etorkizuna jokoan dago eta.