Lehenik eta behin, Jaurlaritzak lege aurreproiektuaren zirriborroa onartuko du, eta, gero, aldeei bidaliko die: legebiltzarrari bidaliko dio, eta audientzia publikoa irekiko dute beste sailek eta eragileek ekarpenak egin diezazkioten. Izapide hori eginda, udazkenean prest izan nahi du lege egitasmoa, legebiltzarrak tramitazioari ekin diezaion.
Nahiz eta oraingoz legearen oinarriak onartuta egon, piztu diren zalantzen xehetasunak zehaztu beharko ditu Jaurlaritzak: euskara ardatz izango duen eredu eleaniztuna nolakoa izango den, nola eraldatuko den egungo ghettoak deuseztatzeko eskola mapa, edota segregazioari aurre egiteko neurri zehatzak zeintzuk izango diren. Hizkuntza ereduaren alorrean ikusteke dago ea EHBilduk aldarrikatzen duen eredua edo PSEren hirueleko eredua gailenduko ote den. Orain arteko adostasun zabala xehetasunak zehaztu ahala urratuko da, ziur.
"Askok ez genuen oinarrien akordioa begi onez ikusi, publifikazioari bidea ireki beharrean itunpekoaren aldeko apostua egiten delako"
Bien bitartean, gainerako eragile eta norbanakook presioa egiteko eta gaia gizarteratzeko aukera probestu behar dugu. Askok ez genuen Hezkuntza Legearen oinarrien akordioa begi onez ikusi, publifikazioari bidea ireki beharrean itunpekoaren aldeko apostua egiten delako, hauen kuotak oraindik nola desagerraraziko dituzten azaldu gabe. Doakotasuna helburua izanik, nekez uler daiteke titulartasun pribatua mantentzea. Gainera, ikastetxe itunduen artean, Kristau Eskolako eskola erlijiosoak %66 dira, eta Ikastolen Elkarteko ikastolak %33 besterik ez. Irabazi asmorik gabekoak direla eta izaera publikoa dutela aldarrikatzen dute ikastolek. Hauek publifikatzea izan beharko luke helburua. Horrez gain, erlijioa hezkuntzan eskaini nahi duten eskolek ez lukete diru-laguntza publikorik jaso beharko benetan hezkuntza laikoaren aldeko apostua egin nahi bada. Hori horrela izanik, Ikastolen Elkarteko ikastolak publifikatzeko benetako borondatea erakutsi beharko lukete EHBildu eta EAJk, zeintzuek gehiengo zabala duten legebiltzarrean (%60).
Aipatutako neurriak gauzatzeko bermea Euskal Eskola Nazionala da. EAEko hezkuntza lege berriak kontuan hartu beharko luke Euskal Herria dela gure marko propioa, nahiz eta gaur egun hiru administrazio ezberdinetan zatituta egon. Horrela islatu beharko litzateke ere curriculumaren eduki guztietan.
"EAEko hezkuntza lege berriak kontuan hartu beharko luke Euskal Herria dela gure marko propioa"
Bestalde, ikuspegi nazional horrek EAEtik kanpoko eskola euskaldunekin harremanak estutzea eta sakontzea ahalbidetuko luke. Elkartasun sare bat sortu beharko litzateke EAEko eta Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko ikastetxeen artean, euskara ofiziala ez den eremuetako eskolak laguntzeko. Horrela, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko ikastolen bideragarritasuna bermatuko litzateke.
Gainera, euskal kulturaren transmisioa bermatu behar du Euskal Eskola Nazionalak, gure hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendua bermatuz. Frantzia eta Espainia erreferentzia gune izan beharrean, Euskal Herriko herri-kohesioa ikuspegi nazionaletik josi behar da.
Gehiengo nahikoa dago aipatutako guztiari ekiteko. PSEri begira egon beharrean, Euskal Herria aintzat hartuko duen Hezkuntza sistema burujabea izan behar dugu helburu. Ez dago aitzakiarik. Izan ere, alderdiek marko autonomikoa bere horretan onartzeak, gure herri izaera eta hizkuntzari baino ez die kalte egiten.
Laburbilduz, eraiki dezagun euskara ardatz izango duen eskola euskalduna, segregazioaren aurkako egiturazko neurriak hartuko dituena eta euskal curriculuma eta nazio ikuspegia bermatuko dituena. Bestela, Frantziako eta Espainiako marko kultural eta politikoetan Euskal Hezkuntza Sistema urardotzen jarraituko dugu.
Beraz, hezkidetza oinarri izango duen hezkuntza sistema burujabe, euskaldun, anitz, laiko, inklusibo eta feministaren alde jarrai dezagun lanean.