Iritzia

Memoria, baina gorrotorik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2022ko uzt. 26a, 10:50

Argazkia: IREKIA

"Rosa Rodero, ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna, euskal presoen etxeratzearen aldeko manifestazioetara hurbildu bada, nola ez dute beste batzuek inolako ardurarik ez duen ertzain gazte batekin txosnagunea elkarbanatuko?".

Euskal Herrian zauri asko ditugu ixteko oraindik. Eta horietako batzuek Ertzaintzarekin lotura zuzena dute. Tortura eta tratu txarrei buruz Eusko Jaurlaritzak agindutako txostenaren arabera, Ertzaintza 336 kasutan dago nahasita. Ezin ahaztu ere Iñigo Cabacas Ertzaintzaren bortizkeriak hil zuela. Gainera, hil zuen Ertzaintzako agentea ez da identifikatu, eta ez da inoiz identifikatuko. Judizialki, bitarteko agintari bakarra dago kondenatuta, eta ez da kartzelan sartuko zigorra murritzegia delako. Hots, ez da justiziarik egin.

"Polizia eredu berria ezinbestekoa dela aldarrikatzen dugu herritar askok. Polizia demokratikoa, euskalduna, burujabea, prebentiboa, eta ez zigortzailea"

Horrez gain, greba eta mobilizazioetan Ertzaintzaren gehiegikeria ez da berria. Bi aipatzearren, Tubacexeko langileen aurkako karga neurrigabeak, edota herri harresien aurkakoak, adibidez.

Aurreko guztia osatu gabe legoke ETAk Ertzaintza bere helburuen artean sartu zuela esango ez banu. Ezin ahaztu ETAk hamabost ertzain hil zituela.

Aspaldi polizia eredu berria ezinbestekoa dela aldarrikatzen dugu herritar askok. Polizia demokratikoa, euskalduna, burujabea, prebentiboa, eta ez zigortzailea. Horretarako, ezinbestekoa da polizia komunitatean integratuta egotea, auzoa eta herritarrak ezagutzea, alegia. Neurri hauetan sakontzeko Erria webguneko Polizia eredu demokratiko eta komunitariorantz erreportajea hartu dut oinarritzat, oso aproposa dela uste dut eta.

Katalunian, urriaren 1eko erreferendumean, Espainiako estatuko segurtasun indarrek demokraziari biolentziarekin erantzun zioten. Eta testuinguru horretan oso esanguratsua izan zen Mossoek izan zuten jokabidea. Argi dago, beraz, Euskal Herrian halako prozesu bat egingo badugu, berebiziko garrantzia izango duela lurraldearen kontrolerako egiturak norbere alde izatea.

"Orain arteko zigor eta biolentziaren aurrean, bestelako alternatiba batzuk indartu beharko dira, konfiantza berriak eta polizia komunitarioaren kontzeptua eraiki"

Ibilbide horretan, burujabetza edota autogobernu maila altuagoa izatea izan behar da helburua, eta segurtasun indar okupatzaileek Euskal Herritik behingoz ospa egitea. Helburua lortzeko bidean, udalgintza oinarri hartutako polizia behar dugu, behetik gora egituratutakoa, eta demokratikoa. Pertsonen ongizatea helburu izango duena. Eta horretarako ikuspegi feminista ezinbestekoa izango da.

Orain arteko zigor eta biolentziaren aurrean, bestelako alternatiba batzuk indartu beharko dira, konfiantza berriak eta polizia komunitarioaren kontzeptua eraiki.

Lau ardatz lituzke horrek: lurralde eremu oso txikietan bideratutako arreta prebentiboa, komunitatearekin harreman estua izatea poliziaren ahalegina komunitatea eginahal prebentiboan mobilizatzeko, eta delituak edo arau hausteak egitera bultzatzen dituen egoerak poliziek aztertzea. Konfiantza berria eraikitzeko, baliteke polizia bera birfundatu behar izatea ere.

Zauriei buruz hasi natzaizue hasieran. Elkarbizitzan pausoak ematen joan gara Euskal Herrian, baina oraindik ere zauriak ixteko lanean jarraitu beharko dugu. Egunotan Twitterren hainbatek leporatu didate jazartzaileekin ez dagoela esertzerik. Ez al digute biktimek erakutsi gorrotorik gabeko memoria dela bidea? Rosa Rodero, ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna, euskal presoen etxeratzearen aldeko manifestazioetara hurbildu bada, nola ez dute beste batzuek inolako ardurarik ez duen ertzain gazte batekin txosnagunea elkarbanatuko?

"Inolako bereizketarik gabeko espazio seguruak sortzeko ez da onargarria inor baztertu edo jazartzea, ezta lanbide bat edo beste izanagatik ere"

Mutrikuko 21 urteko ertzainak pairatutako jazarpena gutxi ez, eta Blusa eta Nesken egunaren bezperan, Gasteizko Aiztogile kalean, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bati eraso egin zioten zenbait gaztek. Gertatutakoa argitzeko bada ere, garrantzitsua da eraso oro gaitzestea. Eta, zentzu horretan, Mutrikuko udalak plazaratutako oharra oso egokia iruditu zitzaidan. Inolako bereizketarik gabeko espazio seguruak sortzeko ez da onargarria inor baztertu edo jazartzea, ezta lanbide bat edo beste izanagatik ere.

Ez litzateke ba historikoa izango polizia batek gazte egunean parte hartzea? Eta ez al da positiboa zerbitzuz kanpo dagoen polizia batek Aiztogile kalean normaltasunez poteren bat hartzea? Uxatu eta beldurtu ordez, hurbildu ditzagun polizia gazteak eredu berrira, herriarena eta herriarentzat izango den horretara.

Eredu berriaren bidean jazarpen oro alboratu behar da. Eztabaida dezagun errespetuz, eta eraiki dezagun elkarbizitza, baita segurtasun indarren aferan ere. Memoria, baina gorrotorik gabe.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago