Arabako euskarak

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2022ko mai. 2a, 10:42

"Araba jada ez da zazpigarren alaba, euskara berrien alaba, baizik".

Araba, zazpigarren alaba. Zenbat aldiz entzun izan dugu hori arabarrok? Euskalki propiorik gabeko lurraldea, euskara gutxien mintzatzen zena... Zorionez, egoera iraultzeko gaitasuna erakutsi dugu arabarrok, eta euskararen berreskuratze prozesua eredugarria izan da. Euskalki propioa eduki ez arren, gasteiztar askok zenbait euskalki jaso dugu familia edo gure inguru hurbiletik. Egunerokotasunean euskara horretan ez hitz egiteak mugatu arren, etxetik jasotako berba eta hizkerak mantentzearen aldekoa naiz. Nire amaren aldetik amama eibartarra zen, eta aitxitxaren amaren familia Angiozarkoa. Aita, aldiz, Oñatikoa da. Gurasoak astebururo Lekeition izaten dira.

Ostirala Oñatin ebakoitza da, eta ataria Eibarren, peoria. Lekeition lurrari beengania esaten zaio. Oñatin eman esateko emun esaten da. Eibarren, aldiz, emon. Ingurutik jasotako euskara hartzeak aberastasuna ematen digu, eta euskalki propioa izan ez arren, bakoitzak bere euskara propioa izan dezake. Eta ez du zertan etxetik jasoa izan behar. Aldarrikatu dezagun bakoitzak norbere euskara: izan euskalkiduna edo euskalkigabea, etxekoa zein kalekoa, nahaste-borraste edo purua... Azken finean, garrantzitsuena hizkuntza erabiltzea da. Beraz, egin nahi duzun bezala, baina egizu. Araba jada ez da zazpigarren alaba, euskara berrien alaba, baizik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago