Pasa den ostiralean, EAJ, PSE, EP eta EH Bilduk Legebiltzarreko itunerako lantaldean erdietsi zuten akordioa "historikoa" izan omen zen; bai eduki aldetik, eta baita ordezkaritza aldetik ere. Ordezkaritzari dagokionez, legebiltzarkideen %90 baino gehiagoren babesa lortu du. Baina tira, horrek ez du ezertarako balio baldin eta Hezkuntza komunitatea aintzat hartzen ez bada.
"EAJ, PSE, EP eta EH Bilduk Legebiltzarreko itunerako lantaldean erdietsi zuten akordioa 'historikoa' izan omen zen"
Eta horretaz kexu dira sindikatuak. Izan ere, datorren ostiralerako, hilaren 25erako, EAEko Hezkuntzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek grebara deitu zuten. Halere, alderdien arteko akordioak eurengandik gertuko sindikatuak jarrera aldatzera eraman ditu.
Alde batetik, orain arteko batasun sindikala ez hausteko. Eta, bestetik, alderdi horiek sindikatuak bakarrik utzi dituztelako. Hori gutxi balitz, erabakia alderdi politikoek jadetsitako akordioaren dokumentua bere osotasunean ezagutu gabe hartu behar izan dute. Ez dugu, beraz, edukien "akordio historikoa" baloratzeko nahikoa informaziorik.
Akordioaren inguruan izan dugun informazioa, halaber, oso nahasia da. Alderdi bakoitzak berea egin du akordioa lortu izanaren "garaipena". Zehaztasun gutxi eta kontraesan ugari. Pare bat adibide jartzearren: PSEk hirueleko sistemaren aldeko apustua aipatu zuen; EH Bilduk, aitzitik, euskara ardatz duen eredu eleaniztuna.
"Akordioaren inguruko informazioa oso nahasia da. Alderdi bakoitzak berea egin du akordioa lortu izanaren 'garaipena'. Zehaztasun gutxi eta kontraesan ugari"
Ez dakit oraindik ere eredu hori zein den ulertu gabe jarraitzen duen bakarra ote naizen. EH Bilduko programa zuzendari Pello Otxandianoren aburuz, murgiltze ereduak ezarri beharko dira, ituna bete dadin. Orduan, zergatik ez da akordioan aipatu ere egiten? Berdina esan genezake euskal curriculumaren eta marko arautzaileen defentsaren inguruan. Hitz politekin konformatu behar al dugu?
Hezkuntza komunitatea aintzat hartuko duen akordioa lortzeko, mobilizatzen jarraitu beharko dugu, hitz politak ekintzetan gauzatzen direla ikusi arte, gutxienez. Zehaztasun gehiagoren esperoan, jarrai dezagun lanean.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.