Halaxe izaten da beti. Behin hasitakoa bukatu egiten da. Behin eta berriro errepikatzen den patu miserablea da, bazterrezina, kondenarik latzena. Hasi egiten den guztiak bukaera dauka, hasieran pentsa badezakegu ere sekula ez dela amaierarik etorriko. Hala gertatzen zaigu, esate baterako, goizero esnatu eta berehala begiak irekitzen ditugunean. Istant preziso horretan, betierekoak garela pentsatzen dugu, beste behin itzuli garelako bizidunen artera. Baina ispiluan begiaren ondoko zimur berriari begiratzen diogunean ohartzen gara, egunen batean, ez garela sekula berriro esnatuko.
Egia da, noski, bukaera guztiak ez direla berdinak. Are batzuk ederrak ere badirela. Gutxi batzuk. Ia bat ere ez. Gehienetan, gainera, gauzak ezinbestean amaitu egiten dira, ohartuko ez bagina bezala, hasiera eman genion egunean bertan kondenatu genuela amaierara. Akorduan al duzu papiroflexia egiten hasi zinenean? Bada, orriari egin zenion lehen tolesa amaierarantz emandako lehen urratsa besterik ez zen izan. Edo mutil-lagunari eman zenion lehen musua. Edo ostegunetako ordu erdiko korrika saioak. Bai, horiek ere bukatuko dira.
Ona izaten da, behinik behin, guk hasitakoa guk amaitzea, nahiko gustu txarrekoa baita norbere akatsak (are aziertoren bat ere noizbehinka) inori herentzian uztea. Demagun erosi behar ez zenuen etxearekin pilatutako zorra, edo abiaraztea ezinbestekoa iruditu zitzaizun gerra txiki horren tiro eta bonba-hotsak.
Hala ere, bai, arrazoi duzue. Behin zerbait bukatuta geratzen den hutsune hori, desasosegu hori, ezin zailagoa da betetzen. Horregatik hasten gara, berriro, beste zerbait egiten, beste bukaera bat etorriko dela jakitea baino astunagoa delako amaierak utzi digun hutsunearen pisua.
Ezin ukatuko dut gainbehera datorkigun mundu honetan bizitzeak baduela zirraragarritik zerbait. Baina batez ere mingarritik du asko. Eta, mina arintzeko, geure buruari esaten diogu gu ahalegindu garela gauzak aldatzen. Baina gure sentitu dugun bideak erreka jo du. Fini. Orain, ez nuke, ez nukenez, gazteen larruan egon nahi. Ez nuke sentitu nahi hutsune honen pisua haiek sentituko duten bezain handi, bezain zorrotz. Ez nuke, berriro, beste zerbaitetan hasteko beharra sentitu nahi. Hasierak izan daitezkeelako amaierak bezain latzak. Edo latzagoak