Batzuetan iruditzen zait inozo hutsak garela. Gero, berehala ez, baina aldi baten ondoren, ideia horrek alde egiten dit, eta ohartzen naiz etengabe erabaki okerrak bata bestearen atzetik hartzen dituzten izakiak besterik ez garela. Eta ez dut lasaitu handiegirik hartzen, egia esan.
Geure burua ikusten dut telebistetan ematen dizkiguten besteen gerrei begira, noiz espantu aurpegiak jarrita, noiz harridura begiak irekita. Min doi batekin begiratzen diegu, ezin disimulatuz poz handi bat ere bai, ez garelako gu bonben euripean bustitzen ari garenak. Edo gorpu zati batzuk ateratzen ditugu bide-bazter batetik, gure esaten diogun gerra baten biktimak, eta iruditzen zait pixka bat pozten garela uste dugulako horrela gerra hori gureagoa dela, belarrian bala baten laztana sentitu ez badugu ere.
Hainbat mendez, gure aurreko belaunaldi guztiek gerra bat bizi izan dute. Bada uste duenik, logika pixka bat zital bati jarraikiz, gure haragiak ere erreko direla bonben azpian, gure eskuek armen katuak sakatu beharko dituztela eta gure buruak trintxeren lokatzetan ezkutatu beharko ditugula, gure aurrekoek egin zuten modu bertsuan. Norbaitek fusil bat jarriko digu eskuetan, eta ordura arte eskolako motxila, sakelako telefonoa edo erosketetako poltsa aldean eraman ditugun bezala, eraman beharko dugu arma bat.
Salbuespenik gabe. Gerretan, zauriek denok berdintzen baikaituzte. Zauriek, eta beldurrak. Eta ikaratuta gauden bitartean, etsaiaren balak nahasi nahian, zaurietatik ihes egiteko, geure buruak egitekoz beteta egoten dira. Zenbait azterlanek erakusten dute jendea gehiago erotzen dela bake-garaian, askoz zoro gehiago dagoela bazterretan. Gerrek egiteko bat ematen digute: etsai bat asmatzea; gero, hari beldur izateko eta haren balak saihesten bizitzeko. Gerra batean, denok gara zoroak. Horregatik ez da inor zoratzen gerretan.
Norbaitek esango digun arte etxera itzultzeko garaia dela. Bukatu dela gerra. Eta urduritasunaren eta lasaitasunaren artean dagoen aho-keinu batekin galdetuko dugu ea zer egin dugun, irabazi ala galdu. Ordurako, ordea, gerrak argi erakutsiko digu irabaztea galtzeko beste modu bat besterik ez dela. Bukaera beti dela bera. Hau ez baita jolas bat.