Handitzen, handitzen...

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2018ko ots. 12a, 10:09

"Orain ere maite dituzu txaloak, baina urteen joanak larutu ditu fokuen argiak". 

Alkandorako botoiak lotu, praka barrutik sartu, ispilu aurrean jarri eta zeure buruari esaten diozunean: "tira, ez da horren gaizki geratzen". Une horretan uzten diozu gazte izateari. 

Komuna garbitzetik zatoz, gainera, larunbat iluntze batean. Gomazko eskularruak jantzi, komunontzi zuriaren aurrean belauniko jarri eta espartzuari ris-ras eragiten hasi zarenean ohartu zara zerbait aldatu dela betiko. Kra!

Zeure artean pentsatu duzu, "beno, gauza asko ari dira gertatzen nire bizitzan; ez da horren larria ere komuna larunbat iluntzez garbitzea". Baina bizitza, zerbait bada, hain justu horixe bera besterik ez da, gauza askoren gertaera etengabe bat. Jaio zinenetik. Hiltzen zaren arte, noski. Okerrena da, daborduko zuk ere badakizula horrenbeste.

Gaztetan, sariak jasotzea maite zenuen, besteen begietan ikustea zure isla, zinena baino abilagoa, altuagoa, azkarragoa, lirainagoa. Txalo-jotze luze eta ozen baten melodia baino kantu biribilagorik ez zenuen sekula aditu. Plas-plas. Besteen hitzek zedarritzen zituzten zure ertzak, haien ertzek moldatzen zure hitzak. Ez duzu akorduan noiz utzi zenion esan nahi zenuena esateari, esan nahi zutena esaten hasteko. Baina txalo-zaparradaren baten eta beste txalo-zaparradaren baten artean izango zen. Geroztik zuk ere ez dakizu oso ondo zer esaten duzun. Eta zertarako.

Orain ere maite dituzu txaloak, baina urteen joanak larutu ditu fokuen argiak. Itzal hori bat zara orain, eta itzalei egiten zaie iskin, iseka edo ihes, baina ez txalo. Inork ez du gehiago entzuten esaten duzuna, eta ahazten hasi zara zer zen esan nahi zenuena.

Apaletan pilatutako garaikurrei begiratu diezu. Eta putz egin duzu, hauts pilatuak harrotzeko esperantzetan. Inork ez zizun gaztigatu bizitzeko, lurra lantzea bezain garrantzitsua dela poesiak idaztea, koadroak margotzea, operak kantatzea, filmak egitea. Eta txaloek beti dirudite bizitza baino gozoago.

Ispiluaren aurrera joan zara berriro, alkandora erdia kanpora atera eta beste erdia praken barruan utzi duzu. Bai, beti dago gauzak okerrago egiteko modu bat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago