Ahoa eta belarriak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2017ko aza. 21a, 10:24

"Etorri moduan joango dira, abisatu gabe, hotzak eta kanpainak". 

Seguru ohartu zarela. Ez dizut gauza handirik deskubrituko. Geure buruak maitatzeko ezintasunean, geure buruak areago gorrotatzeko aurpegi gainean jartzen ditugun krema, makillaje, eguzkitako betaurreko, maskara edo mozorroen atzean, besteak beste, aho bat eta bi belarri ditugu. Barka sinplekeria, baina batzuetan gauzarik begien bistakoenak izaten dira ikusten zailenak. 

Agerikoa ere bada, bidenabar, belarriak bi direla eta ahoa bakarra. Eta, beharbada, ez da kasualitatea. Menturaz, giza eboluzioaren uneren batean, norbait ohartuko zen gainera zetorkigunaz, eta erabakiko zuen hurrengo belaunaldiari belarri bat gehiago jartzea, edo bigarren ahoa kentzea. Ez da zaila imajinatzen zertarako: gutxiago hitz egiteko eta gehiago entzuteko. 

Beti abisatu gabe heltzen den hotzarekin batera, ahoak dantzan eta belarriak erne ibiltzeko sasoia iritsi da gurera. Euskaraz gehiago hitz egin eta euskara gehiago entzutekoa. Eta etorri diren moduan joango dira, halako batean, abisatu gabe, hotzak eta kanpainak. Balioko ahal digu euskaradunoi sikiera ohartzeko zenbat belarri ditugun inguruan entzuteko prest!  

Nahiz eta, barka etsia, batzuetan irudipena dut euskararen aldeko kanpainekin Sarrionandiarekin bezala gertatzen zaigula, denok nahi dugula ikusi bere argazki eder eta koloretsu bat egunkariaren azalean, baina inor gutxiri interesatzen zaiola haren liburuak irakurtzea. Zorionez, belarriak bezala, begiak ere bi ditugu, gehiago irakurtzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago