Bon cop de falç

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2017ko ira. 29a, 11:52

"Geure zilborrei begiratzeari uzten diogunean ia beti egoten da zer ikasi ugari".

Gauza asko ikasteko aukera izaten ari gara egunotan (aukera hori baliatzen ari garen ala ez, beste upel bateko sagardoa da). Egiari zor, geure zilborrei begiratzeari uzten diogunean ia beti egoten da zer ikasi ugari. Lehen irakaspena, horixe, beti komeni dela gure zilborretatik haratago begiratzea. 

Eta bigarrena, norbere buruaren alde egitea dela besteen alde egin dezakegun onena. Horra lehenbailehen ikasi beharreko irakaspena. Geure balkoietan bandera, mira eta elkartasun gehiago zintzilikatzea gauza ederra dela, baina ahaztu barik mastetatik banderak kentzera etorri garela mundu honetara, bakoitzak berea, sukaldeko trapu koloretsuak izateko. 

Eta hirugarren irakaspena eten egin ziguten Gasteizko udaltzainek. Entzun egin behar delako ikasteko, eta komeni delako hitzak entzutea eta ez zarata. Baina halaxe, inor gutxi konturatu gabe, laugarren irakaspena jaso genuen: zein beharrezkoak ditugun erakunde zekenen atzaparretatik salbu dauden espazioak sortzea, publikoa eta librea ez direlako sinonimoak. 

Bi eraikin publiko berritu berri dituzte gure herrian. Eta hutsik utzi dituzte, jakina, espazio publikoen gaineko autometafora borobilena eginda. Orain, ateak ireki dizkiete, jendeak ikus ditzan. Ateak berriro ixten dizkieten arte. Eta hori gertatu aurretik, uste dut komeniko litzatekeela egunotan ikasitako guztia aplikatzea, bestela, gero, ate itxiari ostikada bat edo igitai-kolpe bat ematea beste erremediorik ez dugulako izango, ez baitigute giltzarik emango.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago