bbk

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2016ko aza. 3a, 13:37

"Eta, esan, zeinek ez du su hartu nahi lurra jo aurretik?

Niretzat mundua bitan zatituta dago: bera, eta berarekin batera, zoriontasuna; eta beste aldean, bera gabeko leku guztiak.  

Tolstoik idatzi zituen hitzok Gerra eta bakea nobelan. Ez da zaila irudikatzen, beraz, bihar gerra bat (beste bat) piztuko balitz, eta mundua bitan zatituko balitz (beste behin), zein bandotara lerratuko litzatekeen Tolstoi: bera dagoen aldera. 

Baliatu zitzakeen beste arrazoibide batzuk, pentsatuko duzue akaso, zerbait arrazoizkoagoa. Bada, zer nahi duzue esatea, Tolstoiren hautabidea ez zait iruditzen beste edozein baino zoroagoa. 

Aurretik inoiz elkartu ez diren bi pertsona elkartzen dituzu eta, batzuetan, mundua aldatu egingo da, eta beste batzuetan ez. Lurra jo eta su hartu dezakete, edo su hartu eta lurra jo. Baina, batzuetan, zerbait berria sortuko da eta, orduan, mundua aldatu egingo da. Elkarrekin bakarka baino handiagoak dira. Elkarrekin urrunago eta argiago ikusteko gai dira. 

Beste hitz horiek, berriz, Julian Barnesenak dira. Eta, esan, zeinek ez du su hartu nahi lurra jo aurretik? 

Baina gero (beti dago gero bat), lurra joko dugu eta mundua berriro izango da lehen zen zingira ilun eta higuingarria. Gainera, orain, etxetik botatzeko bidaltzen dizkiguten gutunak dagoeneko ez ditu bbk-k sinatzen, sikiera une batez deskuidatu gaitezen eta pentsa dezagun badela gu bezalako jende gehiago, bihotz bakartien klub isil eta ezkutu horretan antolatuta, beste gerra bat piztu ez dadin desiratzen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide