Izozki-saltzailearena

Erabiltzailearen aurpegia

"Erdigunean jarriko da muturrekoak ere erakarriko dituen esperantzaz"

Han dator izozki-saltzailea, hondartza inguratzen duen pasealekuan aurrera orgatxoari tiraka, izerdia bota eta bota. Atseden hartzeko gelditu da, eta ingurura begiratzeko aprobetxatu du, izozkiak saltzen non jarriko den erabakitzeko. Eskua bekoki gainean jarri, eguzkiak begirik erre ez diezaion, eta hala ikusi ahal izan du gainezka daudela gaur, igandez, hondarra eta itsasoa. Bistakoa da ez dela esku-hutsik itzuliko etxera. 

Baina zein leku komeni zaio ahalik eta izozki gehien saltzeko? Laster batean ebatzi du arazoa. Hondartzaren hasieran jarriko balitz, gehienez ere hondartzaren erditik honantz daudenak etorriko litzaizkioke, erditik harantzago daudenek luzeegi iritziko bailiokete ibili beharreko bideari. Gauza bera gertatuko litzateke, berriz, hondartzaren amaieran jarrita. Hortaz, erdigunean jarriko da, bertan dauden bainulari ugariez gain, muturretakoak ere erakarriko dituen esperantzaz. 

Logika eztabaidaezina da etxera eskuak bete billete itzuli nahi duenarentzat. Zeruertzari begiratu nahi dionarentzat, aldiz, alferrik zaio teoria hau, nekez begiratu ahal izango duelako urrutira hondartzaren erditik, bainulari saldoz inguratuta. 

Ezinbestean, bazterrerantz egin beharko dugu pixka bat. Jendea guregana erakarri eta ez alderantziz, bide luzea gozatu, hondartzaren izkinatxoan dagoen muinotik besterik ez delako zeruertza osorik ikusten ahal.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide