alea.eus

Martxoak 4

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2016-03-04 10:21   Iritzia

Bala-jasaren biharamunean, ematen du bazterrek arnasa hartu ahal izan dutela berriro. Desegin da potoetako kearen lainopea. Ez da entzuten oihu eta arrangurarik, ez eta armen eztandarik ere. Isildu dira sirena-hotsak eta desagertu izuzko aurpegiak kale kantoietatik. Dena amaitu dela ematen du, edo, akaso, goizegi da oraindik, baita langileak erailtzeko ere.

Betiko tabernan sartu naiz, barruak berdintzeko gosari bila. Lau katu gaude goiza oraindik ernatzen ari den desordu honetan. Lau katu eta telebista piztu bat.   

Albistegietako aurkezle gorbatadunak dio autoen ihes-hodiek lainopean utzi dituztela hainbat hiriburu; poliziak ke-potoka uxatu dituela immigranteak, gure mugetatik gero eta gertuago daudenak (edo daudelako, ez diot ondo ulertu); bart beste eskale bat hil dela, irabaziak biderkatu dituen banketxearen kutxazainaren ondoan lo zegoela; eta ehunka langile kaleratuko dituztela ontziolatik, itsasontziek jada ez dutelako dirurik ematen (inuzente honek uste bazuen ere itsasontziak itsasoa zeharkatzeko direla eta ez dirua emateko).

Halaxe bota du, arnasarik hartu gabe, tarrapataka, metraileta bat balak desarratzen nola.

-Eta? Esan al dute ezer atzokoari buruz?

Denek begiratu didate berrogei urte igaro balira eta zuri-beltzean ikusiko banindute bezala.

Telebistari kasu egin diot berriro, ikusteko zer ipuin asmatzen diguten gaur, atzo martxoak hiru zituela ahaztu dezagun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa