Solaskideak euskara ulertu bai baina hitz egiten ez duenean erabil daiteke elebitasun praktikoa egoera askotan. Baina ez denetan. Ondo neurtu gabeko ahaleginaren porrota eta ondorio emozionalak geure buruaren kontra bihur daitezke, borondaterik onenarekin eginagatik ere. Hona hemen, era errazean azalduta, zein diren, nire ustez, egunerokoan elebitasun pasiboa pratikatzeko bete behar diren lau baldintza (edo, gutxienez, hein handi batean lagundu dezaketenak).
1) Posizio abantailatsua izatea. Taberna edo denda batean bezeroak garenean; telefonoz informazioa eskatzen digutenean; administrazio-bulego batean tramiteak egin behar izaten ditugunean…, hitz batean, galtzekorik ez dugunean. Kontrara, posizio ahula izan daiteke, muturreko egoera bat aipatzearren, larrialdi-zerbitzura jotzen dugunean (ez dakit nik 112ra deituz zer hizkuntzatan jardungo nukeen…).
2) Distantzia emozional laburra. Lagunekin, senideekin, zailagoa da hizkuntza ezberdinen arteko jokoari eustea; ezezagunekin, ordea, askoz bideragarriagoa da. Ez dut irudikatzen batak euskaraz eta besteak gaztelaniaz tiki-taka luze iraungo duen senar-emazterik edo lagun minik.
3) Hizpidea, axalekoa. Bistan da, tabernan edo dendan salerosketarako formalismoak exijentzia gutxi hizkuntza mailaren aldetik; ez dago okerbiderako arriskurik, komunikazioa bermatuta dago. Elkarrizketa mamitsu batek, alde horretatik, neke eta tentsio iturri deserosoa izan daiteke.
4) Laburtasuna. Egoera komunikatibo laburrek aukera ematen dute aurrez estrategia prestatzeko; txinparta modukoak dira, oso efektiboak. Solasaldia luzatzen bada, aldiz, errazagoa da azkenean amore ematea, nekearen nekez.
Lau baldintza horiek badute loturarik batak bestearekin, noski, eta lau barik hamar ere aipa litezke. Baina interesatzen zaidana da azpimarratzea badirela zenbait faktore praktika hau mugatzen dutenak, are gehiago kontuan izanda beti aipatzen den euskara-gaztelaniaren arteko distantzia linguistikoa. Hala ere, horrek ez gintuzke zertan etsiarazi: uste dut joko-zelai handi xamarra geratzen zaigula esperimentuak egiteko, hasi auzoko okinarekin eta gure betiko lagunekin probatu arte. Eta gero hiztun bakoitzaren "eutsi-indarra" dago, jakina. Ni horretan saiatzen naiz, eroriz eta altxatuz egunero ikasten.