Udalak Santa Barbara plaza eraberritzeko egingo dituen lanen berri eman zuen aurreko astean. Albisteak ez ditu aipatzen plazako benetako protagonistak: zuhaitzak. "Berdeguneak" esaten da, "parterreak" ere bai, baina nik ez dakit zuhaitzik kenduko duten eta, kentzekotan, zein. Gure agintarien arborizidiorako eta hormigoizaletasunerako grina ezagututa, ez naiz askorik fio. Aldaketa baldin bada oraingo zuhaitzen ordez belar aromatiko batzuk jartzea, a ze negozio kaxkarra…
Santa Barbara plazak natur ondare handia baitauka zuhaitzetan. Paseo bat eman nahi?
Azokaren eraikinaren ondoan, hiru hagin zabalek, ginkgo batek eta astigar palmatu exotiko horietako batek konposizio liluragarria egiten dute, niri "lorategi zen" horietako bat gogorarazten didana, batez ere urtarotik urtarora kolore-aldaketa zoragarriak eratzen dituenean.
Corte Ingles aldera joz, bi magnolia bitxi daude (hostoen aurretik loreak botatzen dituzten horietakoak); araukaria bat, eskola-umeen taldeen bisita didaktikoak mereziko lituzkeena, bertatik bertara ikus dezaten nolako zuhaitzak bizi ziren dinosauroen garaian; ondo-ondoan, bospasei altzifres handi batzuk, kanposantuetan ageri diren horietakoak, hostaje trinko itxia dela-eta txori askoren babestokia eta habialekua.
Hemendik Posta kale alderantz, sahats negarti handi batzuk. Hauek bai, hauek "sakrifikatzeko" prest nengoke, asko hazten baitira denbora gutxian, eta edozein parketan ugari aurki daitezkeelako.
Amaitzeko, Batzokiaren aldeko zerrendan, hagin gehiago, Judasen arbola, kupresazeo herrestari horietakoak, urkiak, arteak… sekulako biodibertsitatea, itzal fresko eta trinkoa eskaitzen duena.
Gurean, kultur ondareari, zorionez, gero eta balio handiagoa aitortzen zaio (imajinatzen, Armentiako baselizaren ataripean Mc Donals bat?, Ez, ezta?). Natur ondarea, aldiz, oso ahaztua dugu, greentasunak greentasun. Santa Barbara plaza oasi txiki bat da hiriaren erdian, lorategi botaniko txiki bat, ia-ia. Hegaztientzat ere bai, begi-belarriak erne dituen edonor jabetu daitekeenez (gero harrituko gara hirietatik betiko txolarre arruntak desagertzen direlako…).
Baina landareetatik txorietara pasa naiz, ia konturatu gabe. Bueltatu nadin, beraz, hasierako puntura. Plaza erreformatu behar bada, kendu dezatela erdiko urmaela, kendu ditzatela parterre batzuk, baina errespetatu ditzatela bertako zuhaitz ederrok. Jakin dezagun haien balio naturala, kulturala eta estetikoa estimatzen.
"Defender el árbol es defender la Tierra, la inocencia, la cultura y la belleza y todo aquello que no tiene voz ni armas para defenderse." Ignacio Abella.