Gaztelania eta euskara nahastea ona da; mestizajea, kultur trukea… Gazteak –eta gazte ez direnak– ez ditugu zuzendu edo ohartarazi behar horregatik. Erdaldunak euskarara hurbiltzeko bide bat ere izan daiteke.
1.b.- Interferentzia horiek subordinazio baten sintoma dira. Pausu bat hizkuntz ordezkapenean; euskara rakitiko horrekin bere beharrak ase ezin dituenaren erreakzioa. Pertsona gisa edo komunitate gisa geure burua garatu nahi badugu, ezinbestekoa da hizkuntza ondo menperatzea, zehaztasuna eta adierazkortasuna zaintzea. Zabarkeria edo axolagabekeria geure hondamendia dira.
2.a.- Nahiz eta gurasook euskaraz ez egin, haurrak euskarazko eredu batean matrikulatzea berebiziko urratsa da. Ume horiek irabaziak dira euskararentzat, haiek gero euskara transmitituko baitiote hurrengo belaunaldiari (dagoeneko bide naturaletik).
2.b.- Gurasook ez badugu euskaraz egiten, nekez egingo dute seme-alabek. Haien ispilu eta eredua gara gu.
3.a- Berdin da euskara ona edo txarra egitea. Garrantzitsuena euskaraz egitea da. Ez zuzendu, mesedez.
3.b.- Hizkuntzaren plazera eta motibazioa estu-estu daude lotuta hizkuntza ondo menderatzearekin. Tirriki-tarraka, segurtasunik gabe hitz egitea fase bat izan daiteke, baina ez da helburu desiragarri bat inorentzat. Denok dugu zuzenduak izateko eskubidea. Zuzenketei esker ikastea gauza ederra da, eskuzabaltasunaren seinale.
4.a.- (Itxuraz, aurrekoaren kontrakoa; egiazki, haren osagarria da.) Okerra ikusi orduko, zuzentzea komeni da. Berdin da nork egin duen, noiz eta zer egoeratan. Zuzenketa beti da zilegi.
4.b.- Akatsak zuzentzea bezain garrantzitsua da “nola” zuzentzen den, zer jarrera eta tonu erabiltzen den. Ikuspegi positiboaz egiten ez bada, kalterako baino ez da.
5.a.- Euskara batua ona da. Euskalkiak analfabetoen euskara dira. (Kontrako bertsioa) Euskara batua artifiziala da, gatzik gabea. (Bion nahasketa) Ondarroako euskara, hori bai hizkuntza bizia, ona! baina ze zaila den…!
5.b.- Egin daiteke batuaz ondo edo gaizki, poliki edo itsusi. Eta euskalkian ere ondo edo txarto. Kalitatea euskara-aldaera horien barneko parametroa da. Ondarroako euskara ez da beste edonongo euskara baino zailagoa; besteek bezala, bere arau eta irregulartasunak ditu.
6.a.- Euskararen etorkizuna ziurtatuta dago. Hemendik 20 urtera herritarren gehiengoa euskalduna izango denez, inork ez du aitzakiarik “no entiendo el euskera” esateko, eta orduan bai, orduan euskara “inposatu”… barkatu, “exijitu” ahal izango dugu.
6.b.- Etorkizunean euskaldunok %100 izanda ere, jai dugu denok euskaldun pasiboak baldin bagara. Sekulako tren-bagoi pila prestatzen ari gara, gaztez betetzen, eta lokomotoraz ahaztu gara.
7.a.- Euskara munduko hizkuntza osasuntsuenen multzoan dago. Rankin horretan, hizkuntza gehienak gure atzetik daude. Pentsa nola geunden lehen eta nola gauden orain.
7.b.- Munduko hizkuntza gehienak galtzeko zorian daude. Horien aldean gurea gorago egotea kontsolamendu eskasa da: «Askoren mina, tontoen atsegina».
8.a.- Euskara erabiltzea zure esku dago.
8.b.- Saiatu udaltzain edo ertzain batekin, ikusiko duzu non geratzen den zure aukera. Piztu telebista, zoaz Osakidetzara…
9.a.- Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.
9.b.- Eta zergatik ez dute hitz egiten dakitenek? Inork ez dio bere hizkuntza erabiltzeari uzten bere borondatez…
10.a.- Euskara erakargarria egin behar da, ez da inposatu behar.
10.b.- Paradoxikoa bada ere, hizkuntzaren “inposizioa” (edo beharra) eta erakargarritasuna elkarri eskutik lotuta daude; bata gabe bestea ezinezkoa da. Aracil valentziarrak: «Katalan hiztunek nahiko indar ez baldin badute Katalunian bizi diren guztiei katalana inposatzeko eta, aldiz, gaztelania hiztunei katalanez hitz egiten ikasteko besterik eskatzen ez baldin badiete, orduan gaztelania hiztunek usteko dute katalana inposatu nahi dietela».