Dragoitxoek trenez bidaiatzen dute

Erabiltzailearen aurpegia Martin Rezola 2016ko mar. 30a, 15:12

Oier Odriozola

2011ko udako arrats sargori –Gasteizen bakan– horietako batean izan zen. Arropa garbia zintzilikatzeko, leihoa zabaldu, eta hantxe zegoen, patioko alboko horman, geldi-geldi, niri begira, dragoitxoa (Tarentola mauritanica), gaztelaniaz salamanquesa deitzen dutena, Tyranosaurus rex txikia.

Biharamun gauean ere ikusi nuen, Monterrosoren ipuinean bezala; baina hurrengo egunetan ez. Ezta hurrengo bost urteetan ere. Joan den larunbatera arte.

Arropa lehortzeko leihoa zabaldu nuenean, pareko balkoian aspaldiko lagun baina auzokide berri dudana ikusi nuen, apur bat asaldatuta, prismatikoak begi aurrean jantzita:

–Hi, Martin, musker gris bat ikusten ari gaituk! Horko horma batean eguzkitan.

Musker bat Gasteiz erdian?! Orduantxe ez nion garrantzirik eman, baina berehala gogoratu nintzen aspaldiko dragoitxoarekin. Lagunak argazkia bidali dit (goiko hori), eta bera da, bai (ale berbera seguru asko ez, animalia mota bera esan nahi dut).

Zer da dragoitxoa?

Berez, ingurune mediterraneo bero eta lehorretako narrastia da. Nafarroako Erriberan, adibidez, oso erraz ikusten dira udako gau beroetan, gehienetan hormetan itsatsita (kristalean gora egiteko gai dira, atzapar bereziei esker), edota farolen inguruan, eltxo, sits eta gainerako xomorren ehizan.

Nola iritsi dira Gasteiza?

Trenez. Aiaraldean ere ikusi dira azken urteotan, Irun aldean ere bai…, baina beti tren-geltokietatik ez oso urrun. Gustuko babestokia aurkitu, eta badirudi nahikoa ondo moldatu direla, nahiz eta inguru hau haientzat hotzegia izan, teorian. Ez dira hegotik iparrera zabaltzen ari den espezie bakarra (aldaketa klimatikoaren komeriak?), nahiz eta dragoitxo tranpatia Renferen laguntzaz baliatzen den (eta txartela erosi gabe, seguru aski).

Espezie inbaditzailea da?

Ez dut uste. Gehienez ere, nahi gabe sartutako espezietzat joko nuke nik, zeren ez baitu ematen kalte larririk sor dezakeenik hemengo ekosistemetan, ezta ugalkortasun ikaragarririk duenik ere. Dena den, horrelako kontuekin zuhur ibiltzea komeni da, eta umiltasunez aitortu ezer gutxi dakigula gerta litezkeen ondorioez. Izaki bizidunen zabalkunde historikoez zenbat eta gehiago jakin, orduan eta ustekabe handiagoak hartzen baititu batek.[1]

Gehiago jakiteko:

Munibe aldizkariko artikulua

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago