Bakoitzak bere erara, hirurok azpimarratu zuten elebitasun orekatu eta harmoniatsurik ez dagoela hemen, eta erretorika ofizialak hain maite duen termino horrek hainbat azpildura dituela berekin.
Horiek guztiak irakurrita, niri aspaldiko marrazki bat etorri zait burura, Lluìs V. Aracil valentziarrak aspaldi egindako hau:
Honela azaltzen ditu Aracilek berak:
«Bi diagrama hauek gauza bera adierazten digute bi modu desberdinez; eta horietako bakoitzak duen abantaila da, egoeraren arlo garrantzitsu bat azpimarratzen duela. Diagrama zatikatzaileak adierazten digu, x hizkuntzaren esparrua y-arenak inguratzen duela. Eta v, w, y eta z-ren esparruak elkarrekiko harreman zuzenean dauden bitartean, x-renak y-arenarekin bakarrik du harreman zuzena. Diagrama bateratzaileak adierazten duenez, v, w, y eta z-ren esparruen arteko lotura zuzenak dauden bitartean, x-renak lotura zuzen bakarra du (y-renarekin); azken hau txorten edo istmo moduko bat da, eta horren bitartez lotzen da, zeharka, beste esparruekin. Beraz, x-ren esparrua y-arenaren eranskina dela esan dezakegu.»
Niri neuri, elebitasunaz pentsatzen dudanean, gure ohiko giroan (familian, lanean, lagunartean…) bikote mistoetan gertatzen diren elebitasun-egoerak etortzen zaizkit gogora. Alegia, denok inguruan izaten ditugun bikote linguistikoki mistoak, zeinetan bat euskalduna den eta bestea ez. Eta euskararen bizi-indarra neurtzeko neurgailu paregabeak iruditzen zaizkit: bikotea osatzea erabakitzen duten egoeratik abiatuta, familia bat osatzerainoko bidean barrena (umerik gabe batzuetan, baina interesgarriago umeak ekartzen badituzte, gurasoen hizkuntz erabilerak hirugarren batzuen erabilera baldintzatzen baitu), zer bilakaera izaten duten. Esan nahi baita, abiapuntuan erdaldun huts den bikotekide horrek zenbat kasutan ematen duen bere burua euskalduntzeko urratsa, ikusirik bikotekide euskalduna duela, harekin familia bat osatu nahi duela, eta, akaso, beste batzuk ere sortuko direla familian eta erabaki beharko dutela zein izango haien arteko hizkuntza. Edo, beste modu batera esanda, zenbat bikotek aldatzen dituzten bere erabilera-arauak. Eta ez hainbeste zenbat bikote mistok "transmititzen dien euskara seme-alabei" (ez dakit oso ondo horrek zer esan nahi duen), inkestetan-eta agertzen den moduan.
(Txemas Arinasen jatorrizkoa hemen.)