Garai batean eraikuntzarako lehengaia ateratzen zen bertatik, eta gero Vital Kutxak erosi zuen, Gasteiz hiria hegoaldetik urbanistikoki hazteko proiektua gogoan. Baina amets hark pott egin zuenez, abandonuak eta ahazturak hartu zuten ingurunea. Onerako eta txarrerako.
Alde batetik, hondakindegi ezin lotsagarriagoa bihurtu zen, dena zaborra, isurkin…, eta txabolismoa zabaldu zen. Beste aldetik, Gasteizko ingurumari gehiena bezala hau ere zoru buztintsua denez, putzu, urmael eta hezegune txikiz zipriztindutako naturagune bat sortu da, oso interesgarria hegazti-faunarentzat, anfibioentzat eta, oro har, landare eta animalia espezie askorentzat. Total, aldeak alde, Txernobil txiki bat.
Ingurunea berreskuratzeak alderdi onuragarri nabarmenak izan ditzake. Besteak beste:
- Eraztun Berdean katebegi oso interesgarri bat itxiko litzateke, Armentia eta Olarizu lotuz, eta Batan eta Zapardiel erreken bitartez Gasteiz hiria zuzenean Gasteizko Mendiekin elkartuz. Korridore ekologiko garrantzitsu bat, alegia.
- Euriteek gogor jotzen dutenean, orain hegoaldetik Batan eta Zapardiel erreken bidez datorren ur-emari handiari (eta sortzen diren uholdeei) galga bat jarriko litzaioke, zeren eta legar-hobietako putzuetan erregulatuko —eta baretuko— bailitzateke uraren emana.
Espazio hau lehengoratzeko kezka ez da oraingoa. Gutxienez badira hamar urte udal gobernu ezberdinek gaia mahai gainean jarri zutela. Baina epaitegien kontuak, Kutxarekiko negoziazioak eta abar eta abar, urteak joan eta urteak etorri… ez dugu esango “urak bere bidean”, baina dezente luzatu da konponketa. Badirudi 2015ean zerbait mugitu dela eta agintariek konpromisoari gogoz heltzeko asmoa agertu dutela. Besterik ez dugu nahi: udal-talde guztiak batera, CEA Ingurugiro Ikerketarako Ikastegia, Uraren Agentzia, ekologista-taldeak… inplikaturiko guztion parte hartzearekin egitasmoa martxan jartzea. Ni irrikan nago.
Bitartean, gauzak honelaxe daude. Konparatu eta ikusi: eskuineko argazkiak eta ezkerrekoak toki berbera dira, metro gutxi batzuen aldea gorabehera.