Bataila handia

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2017ko abe. 14a, 10:11

"Une honetan, eta barka hizkera belizista, bideko bataila nagusia Nafarroan ari da jokatzen".

Euskalgintzaren bidea luzea izan da, eta izango da, eta egoeraren komenientziaren arabera jarri ahal dizkiozu bide luze horri nahi dituzun adjektiboak: nekagarria, gogorra, etsipen-sorrarazlea izan daiteke, norbaiti zerbait potoloa eskatzera bazoaz; ilusioz beterikoa, ederra eta alaia, komunikazio-kanpaina bat egin nahi baduzu.

Bidea, dena dela, aurrera doa, eta horrek esan nahi du esparru berrietara zabaltzen ari dela euskararen normalizazioa. Zabaltze-lan horrek bataila bat edo beste ekartzen ditu sarri. 'Borroka' hitza gordina egiten zaie batzuei, baina errealitateari eseki ahal zaion hitzik zehatzena bada, zer egingo zaio. Gutxitan ikusi ditugu hain bat eginda, hain une berean, euskararen hainbeste borroka esparru, une honetan Nafarroa Garaian bezala: instituzio eta legeen esparrua, lurraldetasunarena, komunikazio eta marketing politikoarena, esparru ekonomikoa. Une honetan, eta barka hizkera belizista, bideko bataila nagusia Nafarroan ari da jokatzen.

Hezkuntzako oposizio-lehiaketarako zerrenda bakarra proposatu du Nafarroako Gobernuak, hizkuntza-bereizketarik gabe. Eta, hara, proposamen ausarta, edo oso ausarta, ia mehatxuzkoa, izan da, ezustean, hainbat sektore aurrerazaletan. Hor ikusten da, argi eta garbi, UPNk eta PSNk, hau da, erregimenak, urtetan eta urtetan egin duen mehatze-lana. Ia-ia errealitate berri bat sortzea lortu dute. Eta errealitate berri horren barruan ulertu behar dira (ulertzeko gaitasun handia dugula aitortuta), sare sozialetan azken asteotan botatako zenbait erokeria: albaitarien hizkuntza-eskakizuna zalantzan jartzea, total, animaliekin ez dutelako euskararik erabili behar; edo euskara oso jende gutxik ikasi duela, eta ikasi duenari, diruz lagundu diotela galanki, eta gero euskaratik ateratzen duela soldata, negozio biribila, beraz.

Lokatza gustura egoten da geldi, patxadan, distiratsu. Eragiten hasiz gero, ingurua zikin dezake. Argi ibil gaitezen gu ere, ustez gure neurrira egina dagoen legeriadun baskongadook. Askotxo entzuten dut bazterrotan euskararen aurrerabidea babes eta kontserbazio-terminoekin defendatzen. Indartsu dagoena babestu egin behar dela, eta halakoak. Ados, baina, hemen, baita gurean ere, benetako bataila, hau da, zilegitasunarena, non dagoen ondo dakigu.

 

Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago