Akademiaren eremuan lan egiten duen bati baino gehiagori entzun izan diot, euskararen erabilera biziberritzeko esparruan joera bat egon dela: egin, egin eta egin jardutekoa, ahalik eta gauza gehien antolatu, martxan jarri, gauzatzekoa. Eta gutxiegi egin duguna dela, noizean behin, balazta jarri, eseri eta pentsatzea, planifikatzea, hausnartzea.
Tira, asko samar ezagutzen ditut (eta mundu akademikoan nahiko ohikoa da hori) balazta sakatu bai, eseri bai, hausnartzen hasi bai, eta kieto, hortxe geratu direnak: hausnarrean, behiak larrean bezalaxe, patxadan. Nik, nahiago egiten duena. Eta, noski, askoz nahiago pentsatu eta egiten duena.
Ekimenetan eta mugimenduan aberatsa izan da 2017 urtea gure eskualdean. Eta, esango nuke, urteen poderioz, aurten bereziki asmatu dugula aldian behin balazta zapaldu, buruari buelta batzuk eman eta epe luzera begiratzen. Eta horrek guztiak merezi du nolabaiteko bilduma-lan bat. Horregatik antolatu dugu, asteburu honetan, Zerk mugitzen gaitu? lemapean, Gorbeialdeko euskaltzaleon I. topaketa.
Zerk mugitzen ditu zigoitiarrak, urtero Mairuelegorretako jaialdia antolatzeko? eta zuiarrak, 42 orduko ekimen bat martxan jartzeko? Urkabustaiztarrak zerk mugitzen ditu, urtean zehar hainbat ekimen egiteko? aramaioarrak, Gure artien euskeraz kanpainan parte hartzeko? Legutioarrak, beren udalerriko euskararen egoeraz hausnartzeko? Eta Arratzua-Ubarrundiarrak, euskaraz bizitzeko egun baten antolaketan murgiltzeko?
Urte berezia izan da 2017a Gorbeialdean. Are bereziagoa izango da galdera horri erantzun egokia ematen badiogu.