Konfesioa

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2017ko aza. 16a, 09:27

Iñigo Aranbarriren 'Umorearen zimurrak' artikuluak, eta bertan zehatz disekzionatzen duen eta historikoki euskaldunok hizkuntzarekin lotuta bizi izan dugun chomin-del-regato umore-moduak gogorarazi didate orain ez hainbeste nire larruan bizitakoa.

Jakin aldizkariaren 220. zenbakia irakurtzen ari naiz orain (bai, orain, hau da, berandu, 221. alea argitaratu baitute jada. Nire lagun batek esaten duen bezala: "mesedez, utziozue, tarte batez, sortzeari, ezin-iritsi gabiltza eta. Emaguzue kontsumitzaileoi atseden apur bat!"). Umorearen noranahikotasuna, zeri eta nondik barre egiteko askatasun osoa, aldarrikatzen den garaiotan, ordena apur bat jartzera datorren alea da, eta eskerrak.

Kontua, askotan, aldarrikatzea baino, nork aldarrikatzen duen argitzea baita: botere-posizioan dagoenak nahi du, gehienbat, umorearen kontzeptua araztu, guztiaren gainetik jarri, subjektu-objektu harremana, hau da, nork nori barre egin, eroso bizi duenak. Goitik behera dena ikusten da argiago.

Bada, Iñigo Aranbarriren "Umorearen zimurrak" artikuluak, eta bertan zehatz disekzionatzen duen eta historikoki euskaldunok hizkuntzarekin lotuta bizi izan dugun chomin-del-regato umore-moduak gogorarazi didate orain ez hainbeste nire larruan bizitakoa. Hona, kontakizuna, luze-labur:

Gasteizen nago. Denda batera noa, opari bat erosi behar dut, eta presaka nabil. Aukeratu dut, bainoa ordaintzera. Dendaria mostradorez bestaldean dagoen lagun batekin dabil berriketan. Gerturatu naizenean, nigana etorri da, eta oparitarako biltzeko eskatu diot, euskaraz, dendariari. "Bai, noski" erantzun dit. Eta, hara non, bat-batean, mostradorez bestaldean dendariak duen laguna dendariari hasten zaion frankismoko umoregileek sortu, Vaya Semanitak indartu eta 8 apellidos vascos-ek nazioartekotu duen hizketa, tonu eta esamoldez txiste kontari. Ni bertan ez banengo bezala, baina argi eta garbi nik dendariari euskaraz egin izanaren ondorioz. Eta dendaria urduri jartzen da, irribarre egiten dio, kobratu egiten dit, eta ni banoa.

Bai, ni banoa, hain blokeatuta, hain erreakzionatzeko ezgauza, dendan ondoan izan dudan irrigileari ezer esan gabe, banoa. Euskaldunoi, jende markatu honi, hamarkadaz hamarkada gainera bota diguten kaka guztia grazioso izan nahi zuen gizajo horri, purrustada zaratatsu bikain baten bidez, bueltanbidaltzeko ezgauza. Ez da pasa egun bat, damuaren zama gainean sentitu ez dudana.

Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago