Gu garenaz

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2017ko eka. 20a, 12:14

Ondoren datorren testuak GU GARENAZ du titulua, eta azkenaldian okupatu samar izan gaituen AGINAKO ZERO BAT ikuskizunerako sortua da. Galderak besterik ez dira, eta baieztapenen bat edo beste. Euskarari buruz baino, euskaldunoi buruz. Ea ba, zuen atseginekoa den.

Testua pantailan irakurri daiteke, noski, baina zuzenean irakurtzeko sortua da. Beraz, hona gomendioa: entzun, info7 irratirako Egin kontu tarterako testu berberarekin egindako audioa, lehenengo eta behin. Bertan, idazten ari den hau eta Gaizka Amondarain entzungo dituzue hizketan, eta Jon Aranburu eta Marco Bianchi soinuztatzen.

GU GARENAZ (Aginako zero bat)

 

Bagara ala ez gara? Badago gu bat?

Zer da gure-gurea, eta zer da eman digutena?

Gu zer garen hasi gara pentsatzen. Zer den gu bat, zer garen gu,

Zenbat gu arrotz ditugun barruan,

zenbat gu garen

zenbat gu egin ditugun gure

Zerk jarri gaituen hemen

Hemen jarri gaituen gu hori gurea ote den

“Eneko Haritza gure laguna da” garraisika unibertsitateetako pasabideetan

Eneko Haritza euskalduna al zen?

Zer gara gu, nor gara gu, euskaldunak gara gu

Eneko Haritza euskalduna al zen?

Karlista txiki bat eta liberal txiki bat bihotzaren alde banatara

Karlistak eta liberalak euskaldunak al ziren?

Ikastolak sortu, euskal hiztunen muntaketa-kateak balira bezala

Badator euskararen salbamendu-txalupa

Tolosan euskaraz bizi zaitezke, Gasteizen ez

Badator Gipuzkoatik euskararen salbamendu-txalupa

Ondarroan euskaraz bizi zaitezke, Bilbon ez

Badator itsasotik euskararen salbamendu-txalupa

Urdiñarben euskaldun zahar asko daude, Labastidan euskaldunberri gutxi daude

Nondik dator euskararen salbamendu-txalupa?

AEK-k 70eko hamarkadan klaseetarako erabiltzen zituen afixetako batean umeak biluzik agertzea

 

Zer esaten dute gaur, garai hartan amets hura sinetsi zutenek?

90. hamarkadan euskalduna naiz eta harro nago oihuka, ukabil beltza farolape ilunetan

Nor dago orain harro, euskalduna delako bakarrik?

La Polla euskal musika da, noski baietz. La Oreja de Van Gogh nola izango da ba euskal musika

Eta Kepa Junkera? Eta Delorean?

Euskara sedukziorako arma bat da. Erakargarri bihurtu behar dugu

Sardina bat ezpain gorriekin muxuka

Euskara sekulako altxorra da, sekulakoa, sekulakoa!

Sekulakoa. Izugarria

Euskara gelditzen zaigun hizkuntza aurreindoeuropar bakarra da, zorgarria da!

Sekulakoa. Zoragarria

Zenbat maite dudan euskara. Zenbat maite dudan. Bihotzaren barruan daramat josita

Zoragarria. Maitagarria. Alimalekoa

 

Euskara entzuten dudanean kobazuloetara bueltan noala iruditzen  zait, miresgarria da!

Miresgarria. Sekulakoa

Euskarak gauza asko behar ditu

Euskara behar gorrian dago. Behar gorrian

Euskarak zaintza-beharra dauka

Euskarak zaindari bat behar du. Patroi bat. Santu bat

Inoiz ez da euskara espazioan entzun

Eta zer?

Ikusi genuen euskaraz ez zegoela bideojokorik, eta horregatik animatu ginen egitera

Eta zer gehiago behar genuen?

Euskarak pop musika gehiago falta du

Eta zer falta dugu euskaldunok?

Iritsiko da eguna euskara entzungo dena Nobel sarien banaketa-egunean

Eta zer falta dugu euskaldunok?

Euskarak doktoretza-tesi gehiago falta ditu

Eta zer falta dugu euskaldunok?

Euskarak animazio-filmak falta ditu

Eta zer falta dugu euskaldunok?

Euskara apaizek bakarrik idatzi dute orain gutxi arte

Eta zer galtzen dugu horrekin euskaldunok?

Euskara galtzen ateratzen da behin eta berriz

Eta zer galdu dugu euskaldunok?

Eta orain?

Orain zer?

Orain zer?

Orain zer?

Zer gara? Euskaldunak gara? Abertzaleak gara?

Euskaldunak gara? Abertzaleak gara?

Abertzaleak gara?

Abertzaleak gara?

Zer da bakea guretzat?

Zer da bakea guretzat?

Zerk egiten gaitu aske?

Zerk egiten gaitu aske?

Zer da libertatea guretzat?

Zer da libertatea guretzat?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago