Norekin ari gara lanean?

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2017ko mar. 22a, 16:51

Ofizio bakoitzeko kideen joera izaten da, lanaz, helburuez, eginbeharrez aritzeko, ofiziokideekin elkartzea. Elkarrengandik ikasteko, edo, sarri, elkar kontsolatzeko aukera ematen du horrek.

Baina badu arrisku bat: begirada-murriztaile ere izan daiteke. Eta arrisku hori areagotu egiten da, ez zure esparrua edo zure gertuko ingurunea bakarrik, gizarte osoa duzunean langai. Besteekin egin behar baduzu lan, besteen laguntza behar baduzu, besteen ahotsa zurea bezain garrantzitsua da.

Azken urteotan, euskalgintzan, esparru-arteko harremanetan gero eta lan handiagoa egin da. Kulturgintzarekin izan duen harreman historikoa, batzuetan, zoritxarrez, esklusiboa ere izan dena, gainditu, eta hirigintza eta lurraldetasuna izan daitezke adibide. Esparru sozioekonomikoa ere hor dago. Baina oraindik berde gaude bide horretan. Orain aste batzuk bizi izan nuen hori, gordin.

Euskararen sozializazioa lantzeko foro batean geunden, euskararen normalizazioan lanean ari garen hainbat jende, bai erakunde publikoetakoak, bai herri mugimenduetakoak, eta iritsi ginen, ezin zen bestela, ume eta gazteen esparrura, hor jokatzen baitugu, denok dakigunez, etorkizunaren tarta-zatirik handienetakoa, eta atera zen, noski, esparru ez arautuaren garrantzia, hau da: eskolaz kanpoko eremu erdi-instituzionalek, alegia, eskolaz kanpoko ekintzek, jolas txokoek, udalekuek, kirol-entrenamenduek, duten inportantzia handia, oraindik hiztun-hautu kontzientea egiteko goiztxo den adinekoentzako. Eta, logikak berez eramanda, aipatu genituen jarduera horien arduradun diren begirale eta entrenatzaileak, eta azpimarratu genuen ume eta gazteen euskararen sozializazioan begirale eta entrenatzaile horiek duten egiteko gaitza.

Hara non, ordea, foro horretan, azertu handiz, gonbidatuta zeuden aisialdian lanean aritzen diren hainbat lagun, eta edukazio handiz, esan ziguten ados, onartzen zutela hizkuntza-normalizatzaile gisa duten papera, baina gogoratzeko mesedez beren lan-baldintzekin. Aisialdiaren esparrua, guk estrategikotzat jotzen duguna, prekarioa dela benetan, lan-jardun zatituen, kontratu zalantzazkoen, lansari murritzen, hainbat enpresaren sentsibilizazio faltaren eta gizartearen erantzun eskasaren erruz. Eta lan baldintza horiekin, ez dela erraza guk nahi dugun bezain eragile izatea.

Araban orain hilabete batzuk sinatu zen aisialdiaren esparruko profesionalen hitzarmen kolektiboa. Orain, besteak beste, erakunde publikoek, betetzea falta da, baina euskalgintzarentzat berri on bat da, zalantzarik gabe. Ea merezi duen arreta jartzen diogun, hemendik aurrera.

 

Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago