Hiperzuzentzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2016ko abe. 16a, 09:28

Ibon Sarasolak Bitakora kaiera liburu berria argitaratu du, eta nahikoa izan dira pare bat elkarrizketa prentsan, euskalkien eta batuaren arteko talkari txinpartak ateratzeko, beste behin ere.

Gaurkoa ez doa hortik, baina ezin itzuri egin bi burutaziori: bata, euskalkien eta batuaren arteko talkarik badago, hiztunok sortutakoa dela, ez hizkuntzak berak; bigarrena, ikuspegi filologikoa interesgarria dela soziolinguistikaren esparruan, baina moderazioz erabili beharrekoa dela, eztabaida absurdoraino aspergarrietarako bidea ireki baitezake bestela.

Sarasolari beste upel bateko txotxetik egin nahi diot tira. Andu Lertxundik ederto adierazi duen moduan, euskara  batua eta estandarra bereizten ditu Sarasolak liburuan. Batua, hizkuntzaren prozesu bat izendatzeko modua litzateke, zentzu historikoan, eta estandarra, prozesu horren emaitza. Neutroagoa, normalagoa. Horrelako gauzak ez al dira hitzetik hortzera darabilgun ditxosozko "normalizazioaren" bide-erakusle?

Euskara batua prozesu modura ulertzen badugu, prozesu hori amaitutzat eman du Sarasolak. Beraz, ordua da prozesu luze horretan lidergoa hartu duten hainbat kategoria berrikusteko. Zoldatsu samar geratu dira euskal hiztunen artean, aurrejuzguen eta uste okerren eraginez, edo Euskaltzaindiaren nagusikeriaz, horietako hainbat. Asko, hizkuntza-zuzentasunari lotutakoak. Zer dagoen "ondo" eta zer "gaizki", alegia.

Euskara zuzenaren eta egokiaren artean bereizten erakutsi ziguten Joxerra Garziak, Kike Amonarrizek eta Andoni Egañak, besteak beste. Hala ere, lezioa ondo barneratu gabe dugu oraindik. Estandarra hitz formala da, hotza, ez du "batuak" duen kolorerik, baina horrek ez du zurruna denik esan nahi. Lanean, askotan etortzen zaizkit lankideak, euskaraz idatzi dutena zuzentzeko eskatzera. Nire lanaren zati bat da hori. Eta, oi, bekatu mortala, gero eta mahuka laxoagoa dut, zuzentzaile gisa. Zuzentzaileak, nori eta noiz eta zer zuzentzen dion kontuan hartu behar duela uste dut. Testu bat egoki badago, zuzen egon gabe, eta zuzenduz gero idatzi duenaren segurtasun falta areagotzen baduzu, zuzentzaile txarra zara.

Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago