Esoterismoraino

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2016ko aza. 21a, 15:37

"Tira, Yusteren erantzunari eman diogu arreta, denok, eta agian ez hainbeste erantzunaren jatorrizko planteamenduari".

Rafael Yuste neurobiologo sona handikoa ikusi dugu, bideo batean, Iñaki Gabilondo sona gutxiagoko kazetariarekin hizketan, eta ikusi dugu, zer eta euskararen gaineko hausnarketak egiten, Gabilondok auskalo nondik jakin duelako Yuste euskara ikasten ari dela. Eta horrek, noski, hautsak harrotu ditu gurean, hotsandiko jendeak gure hizkuntza aipatzen duenean, zaleak baikara zinez, modu zalapartatsu samarrean, lau haizetara ezagutarazteko, eta gutxitua den horri kalitate-ziurtagiri bat gehiago paparrean esekitzeko beharra sentitzen dugu.

Gabilondok euskararekiko haize horrek nondik eman dion galdetzen dionean, Yustek arrazoi linguistikoak ematen dizkio nagusiki, eta onartu behar da nahiko bereziak, arraroak ez esatearren, direla: egitura gramatikal oso zehatza duela dio, eta munduari begiratzeko oso modu zuzena. Gero, noski, nola ez, hizkuntza indoeuroparren aurretik gelditzen zaigun hizkuntza bakarra dela dio, eta hori ezagunagoa egiten zaigu, mastekatuagoa. Eta gero dago Espainiako eta Europako unibertsitate guztietan irakatsi behar litzatekeela esatearena; hizkuntzalari edo filologorik gotorrenari ere hazkura eragiten diona.

Tira, Yusteren erantzunari eman diogu arreta, denok, eta agian ez hainbeste erantzunaren jatorrizko planteamenduari. Lizentzia hartu dut, Iñaki Gabilondok egindako galdera itzuli eta nire ahotsez zuei emateko, eta lasai, ez bainaiz imitatzen saiatuko. Hona hemen: "Jakin dugu, sorpresa handiz, eta, dena esan behar bada, poz handiarekin, euskara ikasten ari zarela. Hemen, Columbiako unibertsitatean, direnik eta gairik abangoardistenei eskaintzen diezu zure burua, eta hala ere, nire arbasoen hizkuntza antzinako eta maitatua ikasten ari zara".

Eta hara, non egiten zaigun ezagunagoa gure Iñakik galdera egiteko duen modua, Yustek ematen dion erantzuna baino. Hain antzinakoa, hain arbasoei lotua, hain sentimenduei eta biszeralitateari atxikia eduki dugu beti euskara, ez dela harritzekoa abangoardiarekin kontrastean jartzea. Hainbeste maite dugu, hain daramagu gure barruan gordea, ondo gordea, hainbestekoa du altxor itxura… ez diogula arnasarik hartzen ere uzten. Ia ia esoterismoraino bihurritu dugu euskararekiko dugun irudia, hain da misteriozkoa, hain bitxi eta berezi.

(Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago