Mamitsua, benetan, Estitxu Eizagirrek bere blogean argitaratu duen Euskara askatasun bat da artikulua. Euskalgintza bidegurutzetik ateratzera doala, bai, baina nondik aterako den da orain galdera: aurrera egingo duen, albo batera, edo definitiboki atzera. Hiztun askeak, euskaraz aske sentitzen direnak erdigunean jartzeko proposamena aurrera egiteko proposamen bat da.
Bereziki interesgarria da egoeraren irakurketa dimentsio pertsonaletik egiten duelako. Faltan sumatzen ditut, tabernetako elkarrizketetatik kanpora, hustuketa-ariketa soziolinguistikoak. Estrategiez eta eskubideez aritzeak beste balio dezakete, norberak bere gorputzarekin eta jarrerarekin ordezkatzen duenak dimentsio politikoa ere baduela kontziente izanez gero. Estitxuk dio: "Euskaraz aske direnak, kontzienteak, ideologizatuak, politizatuak, dira orain zentro. Erakundeentzat ez dakit, niretzat argi". Hor dago koxka, edo koxketako bat, ezta?
Ikusteko dago erakundeek, eta, bereziki, euskal erdiko erakunde nagusiak, euskaraz aske diren horiek modu kolektiboan Egian, Añorgan, Agurainen, Lasarten sortutako olatutxoei zein erantzun emango dien. Erantzunik ez egotea da gertagarriena, ordea. Egonkortasunaren izenean.
Ezin iskin egin, ordea, motxilaren kontuari. Eta hor gauzak ez ditut garbi. Iritsiko dira garai berriagoak, eta zabalduko dira zumardi zabalak, non euskal eremu soziolinguistiko osoan motxila eranzteko moduan egongo garen. Baina orain? Badaude leku oso zabalak non euskaldun aktiboek, motxila gainean baino, gorputza tatuatuta daramaten, anaia handi elebakarraren begietara. Benetan balio duten harremanen eremuaz ari naiz, ez, demagun, eremu urbano batean ausaz egindako harreman puntualez. Eta tatuajeak eranztea ez da hain erraza.
Bukatzeko, testuak dakarren ideia interesgarrienetako bat, sarri ahazten zaiguna. Hala dio Estitxu Eizagirrek: "Herritarren gehiengoa ez da hizkuntzaz arduratzen. Ez da militantea, baina ezta aurkakoa ere". Marra gorriak lekuz aldatzea uste duguna baino errazagoa eta erosoagoa da. Gatazkak sortu baino, gatazkak konpontzea da helburua, ezta? Egonkortasuna haustea baino, hiztun askeen egonkortasuna blindatzea.
(Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua)