Umorearen txokoa

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2016ko mai. 5a, 09:14

(Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua)

Gaztetasuna zer den. Atzerrian nenbilela, ezin Hala Bedi irratiarekin harremana bat-batean hautsi, eta bi astean behin edo egiten nuen kolaborazio bat, urrunetik. Nahi nuena esateko eskubidea nuen (egia esan, hori ez da nobedadea Hala Bedin), baina baldintza bat jarri zidaten: umorea behar zuen, umore-tarte bat zen Gasteizko entzule euskaldunak behar zuena. Gero eta kolaborazio gehiago egin, umorea egitea zein zaila den ohartzeko arrazoi gero eta gehiago.

Saiatu nintzen gauzak fundamentuz egiten, arrakasta gutxirekin bada ere. Kosta zitzaidan konturatzea, niri, eta baita gainontzeko irratikideei ere, hasieratik zuela akats bat tarte hark. Arratsaldetako magazinaren barruko tarte bat zen, sintonia propioduna, eta, aurkezleak izenburu honekin aurkezten zuen: “umorearen txokoa”. Berandura arte ez ginen konturatu, berriro diot, ondoren zetorren guztiaren umore-kutsua deuseztatu egiten zuela izenburuak. Umorearen txokoa. Azalpena esplizitatzeak, espektatibak sortzeak, ondoren etorriko denari marko zarratua jartzeak, kaltea besterik ez du eragiten. Komedia direla ez dakigun komediek ematen digute barregurarik handiena.

Garaitsu hartan izango zen: lagun bati bisita egitera Erromara joateko pribilegioa izan nuen. Abandonatutako eraikin baten leihoetatik ikusi genuen, eta argazkia atera behar, noski: Patric Mimran artistaren oihal handi bat,  letra nabarmen beltzez “Explanation kills art” idatzita zuela. Azalpenak artea hiltzen du. “Umorearen txokoa” izenburuak umorea hiltzen du.

Euskara batzorde batean zaude. Erabilera. Motibazioa. Hizkuntza eskubidea. Ehunekoa. Aisialdia. Estrategia. Behin eta berriz entzuten dituzu. Eta hor ez dago barrua mugitzen dizun ezer.

Euskara teknikariok, euskalgintzako eragile borondatetsuok: zuen gauzez hitz egin zuen kongresuetan, nahi baduzue. Zuek egin behar duzuena jendeari barrua mugitzea da. Eta, horretarako, balio komunikatiboen gainbehera galanta ikusten dut zuen ofizioan. Baina tira: biba plan estrategikoak. Eta biba udaberria ere, badirudi behingoz iritsi dela eta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago