(Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua)
Beste askori entzuna lehenengo aldiz bizi izan dugu aste santuko oporraldian. Espainia elebakarrean izan gara, mendi-ibilaldiak, mantekadu zoragarriak, ardo ez hain zoragarria, aspaldiko lagunekin enkontru terapeutikoak.
Nahiko ohikoa da jendeak, ezezagunak izan arren, umeekin (edo umeei) hitz egiteko daukan joera. Nik ezagutzen ditudan ume gehienak, 4 urtetik beherakoek bai gutxienez, ez dute gogo handirik erakusten hizketarako, ezagutzen ez duten norbaitek zerbait esaten badie, edukazio eta erakargarritasunez gainezka bada ere (umeak tartean badaude, zuzenean pailazo ahotsa jartzen dutenak ere tokatu izan zaizkit). Eta munduko gauzarik normalena da: ez dut ezagutzen, zer ari zait niri hau hizketan, zer esan behar diot nik honi. Egoera bitxiak ere suertatzen dira: hainbat helduk, umeari hitz egin, eta zuk, umearen gurasoak, erantzutea da espero dutena. Hala eginez gero, komunikazioaren teorikoek aztertzeko moduko elkarrizketak datoz segidan: mezuaren sortzaileari hartzailea ez denak erantzuten dio, hau da, bere ordezkari helduak. Heldu horri, umea imitatu nahian, pailazo ahots mehea jartzea bakarrik falta zaio. Bizitzaren teatroa.
Gure bi txikietako zaharrenak hiru urte beteko ditu laster. Elebakarra da. Eta ezezagunak gerturatu zaizkio oporraldian, Espainia elebakar horretan, beste edozein lekutan bezala. Ezezagunek euskaraz hitz egiten diotenean, hau da, ulertzen duenean, ez da asko erantzutekoa, batzuetan sorpresak ematen dizkigun arren. Eta, noski, ulertzen ez duenean, hau da, euskara ez den beste hizkuntzaren batean hitz egiten diotenean, ez du erantzuten. Ez du lotsarik edo urduritasunik erakusten, begira geratzen da, besterik gabe.
Hizkuntza-jokoa helduon planora pasatzen denean hasten baitira, nola ez, urduritasunak eta lotsak. Umeari hitz egin dion ezezagunak, erantzunik jaso ez duela ikusten badu, bakea. Ordea, helduongana badator, eta esaten badigu “zein isila den zuen mutikoa”, edo horrelako zerbait, deseroso sentitzen gara, edo baita urduri ere, eta azalpen trabatua ematen hasten gara, “kontua da ez dizula ulertzen”, “euskaraz bakarrik daki”… Parekoak, ezin disimulatuzko harriduraz, “Hara! Konforme” esan, eta alde egiten duen arte. Gure oporraldian inork ez digu, behintzat, bestelakorik esan. Hor bukatu dira elkarrizketak.
Beraz, nork du arazoa? Berea ez den hizkuntzaren elebakartasunaren aurrean harridura azaltzen duenak, ala elebakartasun horren gaineko azalpena emateko urduri jartzen denak? Argi dago, ezta?
Gutxituak ez dira hizkuntzak, hiztunak gara. Hainbesteraino, gure burua gutxitzeko ez dugula beste inoren laguntzarik behar.