Politizazioaz

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2016ko mar. 3a, 14:35

(Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua)

Politizatu, despolitizatu, birpolitizatu. Ahoa betetzen diguten hitzak. Euskalgintzaren bidegurutze-garai nahi baino gehiago luzatzen ari den honetan, saihestezina zen politikaren eta hizkuntza-normalizazioaren arteko harremana beste behin ere azaleratzea. Topalabeak plazaratutako “Berrikasi, berrikusi” dokumentuan badago. Nafarroan azken hilabetean gertatutakoek ere egin dute tira hari horretatik.

Puzten doazen eztabaidetan sarri gertatzen den bezala, benetako arazoari ez begiratzeko akatsa egiten dugu hemen ere, ordea. “Euskara eta politika ez dira nahastu behar” entzun dugu sarri. “Euskara politizatu beharra dago” aditzen da bazterretan. Zalantza dut, bi esaldi horietan, politika hitzari zentzu berbera ematen ote diogun.

Eztabaida ez baita, hainbeste, prepolitikotzat edo politikaz kanpo utzi beharrezkotzat jotzen ditugun kontzeptuak politizatu edo birpolitizatu behar diren edo ez. Eztabaida, berez, politika zer den eta zer ez, zerbait politizatzea zer den eta zer ez argitzean datza.

Hizkuntza bat edo bestea hautatzeak, bizi garen lekuan eta bizi dugun garaian, eragina du gainontzekoekin dugun harremanean. Eta politika, gainontzekoekin ditugun harremanak dira. Hor dator feminismoa, eta eskerrak datorren, dimentsio pertsonala ere politika dela aldarrikatzera, norbanakoen arteko harremanak, maitasunezkoak edo ez, politikaren zati saihestezin direla argitzera.

Arriskua dago, hori esanda, ezer ere ez esatekoa. Dena da politika, plas plas plas, txalo bero bat. Orduan, adibidez, zer egin behar lukete alderdi politikoek, euskararen gaian? Ez al dira, bada, ditugun eragile politiko garrantzitsuenak? Hara, eztabaidaren beste ertz bat. Edo, agian, benetako eztabaidaren muina. Alderdikeriak aparte utzi, ados; hizkuntza politika zintzo bat egin, ados; eta nola egiten da hizkuntza politika zintzo bat? Aiba, hor doa elur-bola, handitzen eta handitzen, kontuz, elur-jausi bihurtzera doa.

Nafarroan gogor dabil eztabaida. Eta, kurioski, eztabaidarik gogorrena ari da argi gehien ematen. Juan Kruz Lakastak aurrekoan, Berria egunkarian, oposizioarekin lerratzen ari diren aldaketaren aldeko indarrei kontradikzioak eragitearen garrantzia aipatu zuen. Eta, horretarako, eraginkorragoak direla argudio politikoak, soziolinguistikoak baino. Demokrazia, justizia, ongizatea. Birdefinitu beharreko hitzak. Agian, kontzeptu horiek birdefinitzea bera da politika egitearen muina. Hortxe dago gakoa.

Gatozen leku eta garaietatik gatoz. “Politikan ez dago gauza politikan” etiketapeko garaiak bizi izan ditugu. Politika hitza bera ere debaluatzeraino. Eta ulertzekoa da, “zerbait politizatuta dago” esaten dugunean, automatikoki kutsu negatiboa izatea. Ea bada, euskalgintzan eta gainontzeko esparruetan, horri buelta emateko kapaz garen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago