Aktibazioaz

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2016ko ots. 8a, 11:56

(Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua)

 

Nahastuta harrapatu dute lurra santa eskeak eta inauteriek. Negurik minenean kalera ateratzeko ospakizunak dira biak: gripeak pagotxa ederra egin izan du urtetan, elurrak eta euriak bustitako abarkak eta erromatar mozorroen sandaliak pasa eta hanka hotzetaraino sartuta.

Aurten, ordea, ez dago lurra makila-kolpez edo joareen hotsez esnatzeko behar handirik. Negu epelaren gozoan arraro daude bazterrak, lokartzeko ere denborarik izan ez dutela. Bateko sagarrondoa garaiz kanpo loratu dela, besteko hegaztiek ez dutela hegoaldeko berotasunera joan beharrik, lekuz kanpo dago ia mundu guztia. Ez zaitez harritu, ez txubaskero eta ez forropolar, kanpora ia kamiseta hutsean ibilalditxo bat egitera irten, eta txantxangorri potzolo samar bat aurkitzen baduzu, txio gogaikarriz, ahulagoa behar lukeen eguzkiari kantuan.

Lurra bezala, hiztunok ere aktibatu egin behar dugula, izan negu, izan udaberri: horra, orain bi aste egindako Topaldian nagusitutako mezua. Euskaldunon, hau da, euskaraz dakigunon eta euskaraz edozein eremutan moldatzeko arazorik ez dugunon komunitateari begira dago zuzen-zuzenean euskalgintza, azkenaldian. Hiztun gisa ahaldundu beharra dugu, euskaltzale eta hizkuntzarekiko militante gisa aktibatu beharra daukagu. Ez da harritzekoa: urtetan eta urtetan euskararen normalizazio espantsiboari jarri zaio arreta handiena, hezkuntzak eta euskaltegiek euskarari salbazioa ekarriko ziotela pentsatzen zen garai batean. Gero, “erabileran egiten dugu huts” esaldia errepikatzen hasi ginen, mantra nekagarri bihurtu arte. Euskarak bere egin beharreko eremuei begira hasi, eta penduluaren mugimendua imitatuz, euskarak ustez “bere” egin dituen eremuak zaintzera itzuli gara.

Baina, lehentasunen pibotazioa zilegi den arren, bistakoa da eremuak irabazten jarraitu beharra dugula. Erdaldunengana joan behar dugu, eta beraiekin egin behar dugu lan. Zaila dago, ordea. Euskalgintzaren herri-mugimenduek ez dute asmatu bidezidor egokiak jartzen, tokiko hedabideek joan den urteko euskararen egunean egindako ekimen potentea bezalako salbuespenak salbuespen. Hor dago bi burbuilen irudia: hizkuntza-komunitate bakoitza berean sartuta.

Gaztelania eta frantsesa besterik ez dutenengana iristeko bide eraginkor ia bakarra, zoritxarrez, bai, kasu honetan zoritxarrez, erakunde publikoena izan da. Eta Lutxo Egiak argi esan zuen, Topaldian: kostako zaigu neurtzen txantxangorriarena bezalako kanpainek zenbaterainoko kaltea egingo diguten epe luzera. Zaindu, gorde, maitatu eta mimatu behar diren gauzek disekatuta bukatzen dute, egun osoan telecinco jarrita duten telebisten gaineko hormetan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago