Tira, ez naiz ni jarriko ongiaren eta gaizkiaren gainetik, bai baitakit zuri-gorriek zer-nolako karga sinbolikoa duten gurean. Hertzainak taldeko letragile onenetakoak “ekarpen” deitu daitekeen ezer ez du egiten, esandakoak esanda. Baina egiten du palanka efektua, eta mahai gainera ateratzen du, beste behin ere, azkenaldian zaratatsu samar dabilen identitatearen gaia. Zer gara gu, nor gara gu. Nori ez zaio pasa: hiru gradu kalean, eta lagun bat kamiseta hutsean. “Fresko habil, e!” esan, eta “ez al gaituk euskaldunak?” erantzun. “Babua” esateko tentazioari eutsi.
Gero eta konplikatuagoa da identitateari (kolektibo gisa identifikatzen gaituen horri) buruz hitz egitea. Beti izan da konplikatua, baina orain (beti bezala, berandu) ari gara zirrikituak esplikatu nahian. Esentziak eta totem-ak eraisten espezializatu den Jule Goikoetxeak idatzitakoen ondoren oraindik konplikatuagoa da, gainera. Hain da konplikatua, jende pila bat azaldu dela desados, baina salbuespenak egon diren arren, oraindik fundamentuzko erantzunik edo kontrako iritzirik ez dugula ikusi.
Ez dut nik ez gaitasunik, ez gogorik, lorategi horretan sartzeko (hasiko bainaiz funtsik gabeko gauzak esaten, eta haserretuko baitzaizkit Hirineteko lagunak). Kasketaldi batekin amaituko dut, labur-labur:
Erabil itzazue moderazioz, mesedez, identifikatzen gaituen kolektibo honetaz (deitu, demagun, “herri”) ari zaretenean, “txiki” eta “zahar” adjektiboak. Edo zehatzago: herri txikia dela gurea esatean, argi utzi populazioaz ari zaretela, eta zaharra dela diozuenean, historiaz. Bestela, maila sinboliko-sentimentalean ari zaretela pentsatuko dut, eta aspertuta nago horretaz. Irudi jasanezin batek egiten dit salto, behin eta berriz, gauez, “txiki” eta “zahar” binomioarekin lotuta: Izarretako Gerraren errodajean erabilitako Yoda maisuaren panpina, museo bateko bitrinan hautsa hartzen.