Interesgarria da, noski, Peruarenaren ukoaren arrazoiak ezagutzea, batez ere, egileak berak argi eta zehatz azaldu dituenean. Arreta jarri nahi dut, batez ere, saria kuestionatzen duenean, ikuspuntu soziolinguistikotik ere egiten duela. Zenbat aldiz ez ote dugu akats bera egin: hegemonikoaren praktika errotua baztertuaren barruan errepikatu. Gure kultur sistema ezberdina dela, ezaugarri propioak dituela, ahaztu egiten zaigu batzuetan.
Gai oinarrizkoago bat ere badago atzean, noski: sormen literarioaren ebaluaziorako tresna egoki ote den literatur lehiaketa. Euskadi Saria, Peruarenaren (eta beste askoren) iritzian, argi dago ezetz. Baina literatur lehiaketak, oro har? Jardun intelektuala baloratzeko bidean putzuak aurkituko duzu nonahi. Nik, dudarik ez dut: batzuek urrea merezi dute, beste batzuek lokatza. Banaketa argi eta behar bezala egiteko, sistema egokia aurkitu behar da, ordea.
Pilota bota ondoren bueltan etortzen duenez, neuk ekarri nahi dut gurera. Lehia-sistema egituratuagoa, pisutsuagoa eta koiunturalagoa duen arren, bertso-mugimenduan ere izan ditugu gure gorabeherak txapelketekin. Txapelketa bat igarotzen den bakoitzean egiten den balorazioan, txapelketaren beraren zilegitasuna eta beharrezkotasuna jartzen dira zalantzan, askotan. Eta hobe horrela: txapelketek gure lan-tresna izan behar dute, eta ez guk lehiarako erraminta. Beraz, lehia nahi badugu, egin dezagun lehia, konplexurik gabe. Irabazle eta galtzaileekin. Goi-arnasatik datorren sormen kultural ukiezina armairutik ateratzeak ez dakar ezer txarrik. Horrelako titular gehiago behar ditugu.