Siberiar KREAzko zirkulu itxia

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2015ko ira. 18a, 02:00

Manex Agirre

 

Bada Aramaion, gure herrian, zentral hidroelektriko txiki bat, Eguzkierripa auzoaren magalean, Goikoerrota aldera oinez joanda, errekaren ondoan. Sasiak janda eta erdi jausita dago, bai baitira hamarkada batzuk geldi dagoela, beste bide batzuetatik ekartzen denez argindarra herrira. Hondakin urbanistiko bat. Inguruko baserrietakoek begiratu egingo diote, ikusi gabe, paisaiaren apendize bat gehiago bihurtu baita. Ondotik pasatzen naizen bakoitzean, ordea, gizarajoa ni, 16-17 urterekin, herriko gazte asanbladan sartu berritan, herrian falta genuen gaztetxea bertan egitearekin amesten genuela gogoratzen dut. Hor jarraitzen du sasiak janda, basati beltzean.

Tira, eszena kitsch samarra, zer egingo zaio. Baina ba ote nahikoa amu konparaziorako. Zeren eta Gasteizetik Aramaiora autoan irteten garen bakoitzean, Betoñon (irten bakarrik, sartu Gamarratik egiten baikara, halakoxeak gara gu), ezkerretara begiratu, eta beste eraikin huts bat ikusten baitugu, zeina ez dagoen sasiak janda, basati beltzean, erdi jausita. Eta zeinak bere hormetan “jasan” zuen 18 milioi euroko inbertsio puska bat, aurpegia garbitu, erraiak birmoldatu eta kultura eta sormen proiektu txatxi bat egiteko. Eta, noski, ikusten dudanean, gizarajoa ni, ez zait bertan gaztetxeak egiteko gogoa sartzen (nahiz eta muino gainekoak eta Errekaleor inguruak agian eskertuko luketen ahizpa autogestionatu eta bizi-bizi bat, hor, extrarradioan), bere ardura dutenen aurrean protesta egiteko gogoa baizik. Beste batek ere egin zuten bere garaian protesta koloretsu bat, eta orain gure banketxe pribatizatu dohatsuaren pantomima judizial bat jasan behar izan du.

Handia baita KREA: ausart zaitez esaten siriar errefuxiatuei hor dagoela, hutsik, nork beteko zain. Handia bezain itxia: ez uztearren, inguruko belardiak zapaltzen ere ez dute uzten, hesiak (beti hesiak) jarrita. “Edozertan gastatzeko beste diru dugu” garaiaren argizarizko museoko elementu bat gehiago. Ez ahal da momifikatuko. Jendea hasi da mugitzen, Siberiar KREAzko zirkulu itxia irekitzeko. Aupa Gorka Urtaran, baliatu aukera hori.

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago