Hauteskunde emaitzetako sorpresen atzean beti dagoen “jende hori” aipatu du Rubenek. Nork eman dio botoa Marotori? Edo, hobe esan, nork aldarrikatu du lau haizetara Marotori botoa eman diola? Ados, askok bai, zuritu ezin diren jarrera arrazistak zuritu ditu harrokeriaz, laguntza justuagoen alde jarri du bere justizia partikularra. Beste askok, ordea, isilik iraun dute, edo zarata handirik atera gabe: twitterren eta facebook-en beren iritzia ematen ez duten horiek, El Correoko berrien azpialdeko komentarioetan goitizenez sinatzen dutenek, zu eta ni bezalako herritarrek.
Ikuspegi idealista samar batetik, polita iruditu ahal zaigu, jendearen joerez, pentsaeraz eta izaeraz gero eta gehiago dakigun honetan, kalean gurutzatzen dugun edozeinek boto-kutxa aurrean zer egin dezakeen ezin jakitea. Bestearen terreno pribatuan sartu ezin dugula pentsatzea, sartzeko intentziorik ez dugunean ere.
Noski: gu ez gara ondokoaren terreno pribatuaren gaineko jakinmina dugun bakarrak. Are gehiago: jakinmina duten beste zenbaitek, ez dute jakinmina bakarrik, eragiteko gogoa ere bai (asmo guztiz zilegia, noski. Politikak horretan datza, gutxi asko). Kontua da, eragiteko asmoa duten horietako batzuek (ikusten duzue nola doan zirkulua gero eta estuago) botere mediatiko eta politiko handia dutela, interes propioetarako nahierara erabiltzeko tentazioa izaten dutela.
Ez naiz ezer berria esaten ari. Pentsaera-korronteak moldatzeko gaitasun handiagoa, zoritxarrez, nork duen ohartzea da kontua. Ruben Sanchezek proposatzen dituen “elkarrizketa demokratiko” gehiago izanez gero, agian. Baina hala ere, zaila.