(Beste ikuspuntu batetik, eta barka tartekia, arreta deitu dezake, erantzun horri hauspoa emateko twitterren #jesuismorralla zabaldu izanak. Ulergarria da Charlie Hebdo efektuarena, baina hor dago #yonosoytrapacera/o ere, mezu bera esateko estrategia komunikatibo-semiotiko justu kontrakoa erabili izanaren adibidetzat har litekeena. Eta, galdera: zein litzateke eraginkorragoa? Ironia ala erantzun zuzena? Tira, agian ez du hainbesteko garrantziarik.)
Estrategia politikotik egindako jokaldiari hutsunea argi eta garbi aurkitu dio Rikardo Arregik, aste honetan. De Andresek sistematikoki ahaztu du Araban bagaudela arabarrak garen euskaldunak, euskaraz bizi garenak. Garai batean Unidad Alavesari botoa ematen ziotenei ere ez die ihes egiten horrek, gaur egun. Diskurtsoa larrugorritan uzteko nahikoa da hori.
Garrantzia handiagoa emango nioke nik, ordea, boto-harrapaketara bideratutako akusazioen oinarrian, ustez, dagoen errealitate soziolinguistikoaren irakurketari. Datuak mahaigaineratu zituen diputatu nagusiak, soziolinguistikan tipo jantzia dela erakutsiz: arabarren %95ak gaztelania duela hizkuntza nagusi; administrazioan euskarazko zerbitzua %4k bakarrik eskatzen duela; ALHAOn egiten diren euskarazko erregistroak %3 soilik direla; errealitate linguistikoa modu objektiboagoan ezagutu daitekeela herritarrek Aldundiarekin duten harremana aztertuta, Jaurlaritzaren inkesten bidez baino…
Hemen hasten da kezka. Marotoren kanpaina arrazistaren abiapuntu berbera du, metodologian; errealitatearen interpretazio manipulatu eta interesatu bat. De Andresek nahi izan duena horixe da: migrazioaren gaia bezala, euskararena ere plazara ateratzea, lankideen eta lagunen arteko eguneroko elkarrizketetan lekua egitea; euskarak ustez kaltetutako horiek armairutik atera daitezen. Hori ez dago gaizki (beti pentsatu dut gehiago hitz egin behar dugula euskarari buruz Araban); kontua da eztabaida bera pozoituta dagoela hasieratik.
Zerbait dugu gure alde, agian: Maroto ez dela etorkinei “morralla” deitzera ausartu. Politikari hobea den seinale.