Bainu bat behar du, ez nolanahikoa. Lanean hasiberria den protagonistari egokituko diote garbiketa. Hasiko da gorputzean itsatsita duen lokatz artean aurkitutako sokari tiraka, eta zabortegi bat betetzeko adinako zerrikeria aterako da, zurrustan (barka bideoaren kalitate eskasa, ezin besterik aurkitu). Ikusgarria da “garbituak”, amaieran, hartzen duen lasaitua, garbitzaileari (Chihirori) nola ordaindu asmatu ezinik erdi erotu arte.
(Erakargarria egin zait, betidanik, “garbitzeak” duen indar sinboliko handia. Ez ikuspegi espiritual batetik, arima garbitzearen mordoilo katolikoak usain mikaztuegia baitu. Garbiketa fisikoa, ugerra gainetik kentzea. Kontakizunek, narrazioek, historian zehar, asko erabili duten baliabidea da. Pertsona bat, etxe bat, itsasontzi bat… garbitzeak, transformazio bat dakar.)
Hari mutur batetik tiraka hasi (azken finean, horrela hasten da arreta merezi duen edozer, izan istorio, izan kronika egiati) , eta kaka ekarri duten zerrendak argitaratu dituzte Araban, Nafarroan, Madrilen. San Antonio kalea, De Miguel kasua, Cabieces. HSBCko kargudun publikoak ere hor daude. Ekidinezina da pentsatzea, sektore batzuetan, modu sistematikoan jokatu dela interes pribatuaren eta norbere poltsikoaren irizpideak jarraituz. Hala egingo dut nik ere, mundu guztiak egiten duelako. “Diru publikoa” lexiaren “publiko”, adjektibo hutsal bihurtu arte.
Administrazioko (tokikoa izan arren) eguneroko jarduna ezagutzeko aukera dugunok, ikusi dugu asko zorroztu dela kontuhartzailetza azken urteotan. Berez, krisiak estutu ditu erakunde publikoak, eta horren eraginez jarri diote beren buruari zerga-ikuskaritzari jarraipen zehatzagoa egiteko lana. Poztuko nintzateke, interbentzioaren estutze horretan askotariko esku-hartze pribatuek ere eragina izan dutela seguru izango banu. Zalantza dut ordea.
Denok dakigu, garbiketaz ari garenean, zertaz ari garen: ez diruaz, noski, pertsonez baizik. Are eremu zabalagoa ere har dezake gaiak, eta aurretik izan ez zezakeen ikuspegi interesgarri bat hartu: ondasun publikoen kudeaketan instituzioek, beren lege-izaerarekin, duten papera ere zalantzan jar daiteke, ikusitakoak ikusita. Eremu publikoak, bai gizarte-mugimenduen gero eta pisu nabarmenagoaren ondorioz, bai barruan (izan) dituzten kudeatzaile ganorabako batzuek behartuta, berregituratze bat behar du. Bainuetxeak erreforma bat behar duela, alegia.