Ane Etxegoien vs. Beth Gibbons

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2014ko abe. 30a, 01:00

Hausnarketa guai samar bat, urteari behar bezalako amaiera emateko. Eta baita beteko ez dudan promesa bat ere, HIRINETeko erredakzio langile eta lanpetuari: uzten badidazue, hitz ematen dut 2015ean ezarritako epean entregatuko dudala artikulua, hilero, lanpetu baina langile, ni ere.

 

Portishead-en 1998ko Roseland NYC live zuzeneko diskoa. Ezaguna da. Zuzeneko zaindua, orkestra klasiko eta guzti (a ze biolinak). Ikusgai ere badago: lehenengo VHS bat atera zuten, gero CDa, orain youtuben, oso-osorik. Plano zainduak eta irudi ederrak dira, musikarien xehetasun teknikoen bila ari direnak, egurats intimo erosoari iskin egin gabe. Krema kolorea da nagusi, hori-marroiak ere bai, baina, egia esan, efektu bera lortuko luke zuri-beltzean balitz ere.

 

Beth Gibbons dago erdian, noski, kantaria. Gutxi dira, gero eta gutxiago, tabladura igo eta jendaurrean jarri behar duten eta beren itxura zaintzen ez duten frontwoman/manak. Begiekin jaten dugu dena, erakusten duzunarekin ere komunikatzen duzu. Txarrenean, komunikatzeko gaitasun eza estaltzeko saiakera da estetika zaindu bat. Zera: zalantza dut, aspalditik, Beth Gibbons-ek berariaz hautatutakoa den Roseland NYC live-n bideoan erakusten duen itxura, edo utzikeria-ariketa kontziente bat den. Bataren eta bestearen artean ez dago alde handirik, baina tira; kontua da, astelehen arratsaldez, etxean ezer ez eta, korrika supermerkatura jaisten denaren arropaz azaltzen dela, gaur egungo begiekin begiratuta. Hori dena, mikrofonoari zigarroa behatz artean helduta heltzerakoan duen keinu zabarrak indartzen du. Hori bai ezetz: kantaria erretzen, zer eta zuzeneko diskoaren zuzenek grabaketan, historiarako dokumentatuta geratuko den euskarrian, zinez estilo gutxirekin, gainera.

 

Alternatibokerian (hipsterkoitasunean?) erortzeko arriskuarekin (erreferentzia kultista bat egin eta etxera ekarri, gauza lotsagarriagorik), hona, testu honi zentzua eman nahi dion konparaketa: askoz ere gehiago esaten didala Gibbons andereak, bere fraka bakero nasai jertse beltz zahar zigarro ketsu aurpegi aurreko, azkenaldian euskal (oso euskal) diren hainbat eszenaratzek baino: Xiberua, Baxenafarroa eta Lapurdiko enbaxadore berri autoizendatu den Ane Etxegoienen bideoklip brhaaslñkr-a, edo gabon gauean gozaaaaaatu ahal izan genuen Euskal Kantuen Gauko irudi brusglasf-ak. Txarrena da, kitsch-ak izatera ere ez direla iristen: askoustekoegiak dira.

 

Purrustada fundamentu handirik gabeko honekin, urte berri on, denoi!

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago