Zentzudunenek (ezkorrenek?) aurreko egunean abisatzen duten badaezpada: emaitzakberdindio-garrantzitsuenapartehartzeada motako mezuak, iritzi publikoaren entsalada ilustratuan. Aldez aurretik partida galdutzat ematen duenaren esaldiak dira, tremendista jarrita. Eskoziakjadairabazidu eta blablabla. Abertzale, independentista, demokrata “erreal”… denoi egin zigun atximurka goizean jaiki eta letra larritan idatzitako EZ-ak. Batzuek haserretu ere egin ziren. Asko-ustekoren batek “mekauen, guk, aukera izanda, ez genukeen hanka sartuko” esan zuen. Normala da.
Egia da gazteek (etorkizunak?) baietz esan zutela, joan den asteko erreferendumarekin ezer ez dela bukatzen, jaioko direla (aukera) berriak. Baina une honetan, Eskoziako herritarren gehiengoak Erresuma Batuan jarraitu nahi du.
Kontua da guk nola begiratzen diogun horri. Bi ahots ditugu barruan: arrazoiaren eta eskuzabaltasunarena (erabakitzeko eskubidea gauzatu da Europan, asko esan nahi du horrek, pozik egon behar genuke) vs. Emozioen eta geurekoitasunarena (aukera izan dute eta ez dute aprobetxatu; gu, bitartean, hemen, giza-kateak antolatzen). Zein garrantzitsua den, halakoetan, “bestea”, erreferentea, isla. Ezer naturala ez dela (guk natural/berezko duguna, Eroskiko yogurretan naturaltzat saltzen digutenaren parean dagoela), guk eraikia baizik; eta “besteak” laguntzen digula konstrukzio lanean. Ispiluan gure burua begiratzen dugunean, aldatu egiten gara.
Eta, ezinbesteko galdera: ea zein ispilutan begiratu behar dion bere buruari, gazte bat gela batean sartu, eta burua poltsaz estaltzen dionak. Nola eraiki den hori. Izuaren tunel batean sartzea da halako baten identitate eraikia ikertzea. Egin egiten da, eta batzuek onartu egiten dute.