Udako eskusartze bat

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2014ko uzt. 15a, 02:00

Manex Agirre

Añanako eskualdean pasa dugu joan den asteburua. Paul, Gesaltza, Tuesta, Espejo. Zapatuan gatzaren feria, domekan Baronatarren dorretxera buelta azkarra. Inpresionatuta, benetan, zenbat guraso gazte euskaraz beren seme-alabekin, Gesaltzako feriako puzgarrien inguruan (pilotu automatikoa ezin itzali ibiltzen baikara, horrelakoetan).

 

Eta, maiteminduta,  Tuestako Jasokundeko Andre Mariaren elizarekin: sareari kasu eginez gero (Euskadi-Basque Country, yeah), XII-XIII mendeetan egina, erromanikotik gotikorako trantsizioa erakusten duena bete-betean; polita da gero, hain herri txikian halako altxor bat, harrizko perla petit bat, garai batean (Arabako landa eremuko beste asko eta asko bezala) hain petit izango ez zena. Ederto baitakigu denok, euskal-hiritarren begi asfaltatuentzat gordeta dauden herri arabar nano ia despopulatu bakoitzean (guztietan) eraikin bat badago nabarmentzen dena, erlijioarekin duela zerikusia horrek. Nabarmentzen dena, bistara, edo nabarmentzen dutena tokian tokiko ondare-katalogoetan: ez, ordea, nabarmengarria praktika erlijiosoari begira, noski. Aramaioko gure auzoan, neguan sakristian ematen dute meza, eliza osoa berotzeko lana ez hartzeagatik. Joan den asteburuan bertan ikusi dugu (oh, teleberriaren miraria, Gazan hildako umeen irudien segidan zerikusirik ez duen beste zerbait modu ia naturalean txertatzen dizuna) Galarretako eliza lurrarekin berdinduta, utzikeriaren utzikeriaz. Asko dira, baina gutxiegi oraindik, bestelako erabilerara bideratutako erlijio-eraikinak: jendeak Bilborock ezagutzen du, baina joan dadila Elosura (Legutio), edo Quintanilla de la Riberara (Erribera Beitia)

 

“Baina uztailean gaude, maitea”, esango du jendeak, “eta zer zatoz uztailean horrelako  kontu mengelekin”, ia-ia entzun egiten dut, “zerbait freskoa behar dugu, bixia, zerbait belarrietan splash egingo diguna”; ados, prest neukan azken bala bat errekamaran, artikulua salbatzeko. Tuestako elizako atarian testu honen ondoko argazkian dagoen iruditxoa dago, iradokitzailea guztiz, seguru asko garai hartako hargin xalo batek ia deskuiduan egina, XXI. Mendeko gure begirada biziatuaren erruz eszena erotiko-mistiko bihurtua. Esan beharrik ez dago, aurreko paragrafokoak alde batera utzi, eta bereziki irudi horrexen erruz gogoratuko dudala Tuestako eliza, zer nahi duzue, niri ere denak splash egiten dit uztailean, zipriztin, plisti-plasta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago