Eulimando-itxura gero eta nabariagoa hartzen ari den Europako hauteskundeetako kanpainan botatako bi proklamaz ari naiz. Sare sozialak olioztatzeko balio dute halakoek, eta lortu ere, ederki lortzen dute:
Lehenengoa, Ehbildurena. Athletic eta Errealaren arteko derbian, paperez bete zuten San Mames ingurua: “Athletic eta Erreala Europara, Ehbildu ere bai”. Horixe zen mezua, ez gehiago eta ez gutxiago.
Bigarrena, PNVko Izaskun Bilbaorena. Athletic-ek, soilik euskal jokalariak izanda, Basque Country marka Europako puntaren puntan jarri duela esan du, eta PNVk ere horixe egingo duela hauteskundeetan. Ez gehiago, eta ezta gutxiago ere, hemen ere.
Ados, kanpaina kanpaina da, nolabait atentzioa deitu beharra dute; diskurtso pisuzkoak arinagoekin tartekatu behar dira; tartean daude hitzaldiak idazten dituzten eta orritxoak diseinatzen dituzten komunikazioan adituak; futbolak, zerbait egiten badu, jendea mugitzen du, milaka pertsona. Ados. Baina ez.
Guk, denbora guztian guztiari buruz kexaka ari garen ipurterreok, herritar gajook, zer egin behar dugu, halako bazka ematen badigute? Alderdi politikoak futbol ekipoekin konparatuta grazia eragiten digutela uste al dute? Benetako klase politikoaren itzulera eskatzen hasi behar al dugu, garai hauetan? Arinkeriaz eta banalizazioz betetako mezuek ez ote digute arrazoia ematen, kanpaina hau negargarri doala (oro har) uste dugunoi?
Inpresioa, beste behin ere, eskuadratik sartu digutela.