Adolfo Suárez entertainment park

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2014ko api. 14a, 09:11

Manex Agirre

 

Bada, nik nahiago nuen autobus estazioak Adolfo Suarez izena izatea.

 

Baina, atrebentzia osoz, Javier Maroto jaunari eta bere lan-taldeari eskatuko nioke ez bakarrik presidente ohiaren izena emateko, baizik eta itxuralda dezala goitik behera arkitektura puntakoenaren bertutez jositako eraikina. Adolfo Suarez izena daraman autobus estazio bat ezin da estazio soil izan. Honako ezaugarriak izan behar lituzke, nire ustez:

 

Hasteko, erretzea libre izan behar litzateke estazioko leku guztietan: pasiloetan, takilletan, komunetan, autobus barruan. Izan ere, bertan lan egiten dutenei eta arduradunei ezin zaie burutik pasa erretzea debekatu daitekeenik leku publikoetan, nola ba. Bestalde, bertako pertsonalean sartu behar lirateke adidas fraka demodéz eta bibote eta ile-kazola sarriz hornitutako zenbait gizon, eta gona tabletadunez eta artilezko jertse gorriz jantzitako hainbat emakume. Euskaltzaleenari ere ez litzaioke okurritu behar takillara joan eta txartela euskaraz eskatzea. Naranjitoren kartel handi bat, 10x6metrokoa, ez litzateke soberan egongo, eta egunkari zaharren baten erreprodukzio bat bankuren batean ere komeni, azalean Jaurlaritzak Euskal Telebista sortzeko hartu duen konpromisoa erakusten duena. Eta, noski, La Polla Records-en lehenengo maketa entzun eta punk konbertsioa egun batetik bestera egin duen gazte txupadun bat espaloiren batean eserita, garagardo lata batekin, san miguel.

 

Horixe da, batere lotsarik gabe, Gasteizko Udalari proposatzen diodana: Adolfo Suarez izenez bataiatu nahi badu, bataia dezala, baina, horrekin batera, bihur dezala autobus estazioa gaur egungo gizarte ideal xarmagarri ongizatez kargaturiko honetaraino ekarri gaituen trantsizio saindua omenduko duen jolas-parke integral. Denboran atzera salto egin behar du bertara doanak, bidaia bat 70. hamarraldiaren hondarrera. Ez greentasunak ezta gastronomiak ere, ez du horrelako zerbait egiteak ekarriko lituzkeen beste turista ekarriko gurera.

 

Azken finean, zer izan da ba trantsizio deitzen duten hori, bere omenezko jolas-parkerik egin gabe ere, harrikartoi usaina duen zerbait ez bada. Cuéntame beste gauza bat, Maroto: hau ez dut irentsiko.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago