Bertsoa zerbait bada, balio txikikoa da, hutsala. Haizeak daramana, bat-batean dator eta halaxe doa. Eta moldagarria ere bada: jendaurrekoa izaki, (ia) edozein motatako ekitaldietan izan dezake bere lekua, antolatzaileak hala nahi badu. Egia da, bestalde, “bertsoalekuguztietanegonbeharraren” sindromea ere hor dagoela, eta askotan ez dela behar beste zaintzen bere presentzia. Gutxi pintatzen duela, alegia, ekitaldi zenbaitetan, edo ia ezer ez, eta askotan antolatzaileen (eta bertsolarien beraien) utzikeriagatik gertatzen dela hori.
Gehienetan, aldiz, antolatzaileen esker ona bistakoa da, eta bertsolaria gustura dago. Denok egiten dugu ahalegina. Eneko Barberenak ederki kontatzen du bere blogean zer den hori.
Baina, bada beste faktore bat, aurrez deskribatutako ekitaldietan, batez ere Araban azken urteotan larrutik probatu duguna: arriskua.
Presoen eskubideen gaineko zerbait antolatzen duena arriskuan dago, horixe egiteagatik bakarrik. Harritzeko gaitasuna galdu dugu jada, nahikoa ebidentzia eman digute. Gutxiago ezagutu dugu, ordea, “zerbait” horren barruan bertsotan, kantuan, txalaparta jotzen, hizketan... ari denarengana arriskua iristea. Josu Ormaetxea eta Oihane Pereari gertatu zitzaien orain urte gutxi; zorionez, zuzendu zen arazoa (bidean jasandako kaltea ez dago konpontzerik, noski). Eta, hara, Jagoba Apaolaza eta Iker Pastorri iritsi zaie orain. 2012an Zaharraz Harro Gasteizko alde zaharreko jai herrikoien barruan, presoen aldeko ekitaldi batean kantatu, eta Madrilera doaz. Epaiketa dute, inputatutako beste hamahiru lagunekin batera.
Bertsoa, sormena da, kultur adierazpidea, iritzia emateko kanala. Sortzaileak, iritzi-emaileak, kantariak, bertsolariak, libre behar du. Aske eskuak eta burua, eta mingaina.
Kontundentea da esandakoa, eta badirudi ez dagoela gogoratzeko beharrik; barneratuta dugula, alegia. Kasu honetan bai, ordea. Araban bai, Araban ohartu gara gertatzen ari denaz, gertukoak baititugu Jagoba eta Iker, ezin konta ahala alditan egin baitugu beraiek egin duten ustezko delitua. Erantzuna ere ari gara prestatzen, ematen, modu bateratuan: Bertsolariak Libre ekimena martxan dago.
Susmoa dut, ordea, jende asko ez dela oraindik gertaeren larritasunaz ohartu. Madrilen fabrikatu nahi duten horretaz. Epaiak okerrena adieraziko balu (ez ahal da gertatuko) ezar dezakeen aurrekariaz. Harritu bedi jendea, eta, gero, erantzun dezala.
Nik ere kantatu dut, eta kantatuko.