Horra, aste honetan herrian (Aramaion) gertatu zaiguna. Udalak, energia aurrezteko helburuarekin, kamera batzuk jarri ditu herriko plazan: udaletxeko horman, eta abar. Helburua, argia eta zilegia: gauetan, plazako argiteria piztuta dagoenean, mugimendurik baden detektatuko dute kamerek. Ez badago, intentsitatea jaitsiko dute; jendea badabil, igo. Teknologiak ematen dituen aukerei probetxua ateratzeko modu egokia.
Hara non, herritarrek ez duten jakin kamerak horretarakoxe zirela. Eta, leku publikoetan kamerak jartzeak, zer nahi duzue esatea, ez duen konfiantza handirik ematen, are gutxiago zertarako diren jakin gabe. Eta hor hasi dira kexak, eta ahoz ahokoa, eta iritziak. Ez da “kameren aurkako plataformarik” sortu: nahikoa izan da zurrumurru bat, herria aztoratzeko. Maila mikroa zer den.
Eta ondorengo pausoa da gehien interesatzen zaidana: udalak berehala erreakzionatu du. Ohituta gaude erakunde publikoen hutsuneak eta gaizki egindakoak salatzen: ondo egindakoak aitortzea ere ez dago soberan. Alkateak sinatutako bando bat zabaldu du bazter guztietan, kameren benetako helburua zein den azaltzeko, grabaziorik ez dutela egiten argitzeko, energia aurrezteko modu eraginkorra dela esplikatzeko.
Kontua ez da nork nori izan behar dion beldurra (herriak agintariei vs. agintariek herriari), baizik eta elkarrekiko errespetua (edo, besterik gabe, batak bestea aintzat hartzea) funtsezkoa dela. Eta, horregatik, seguru nago, Aramaioko kameren asunto hau, adibidez, UPNko buruei, eta, zehazkiago, Yolanda Barcinari azaltzen badiot, emakume zentzuduna eta konbentzimenduz beterikoa izanda, kasu egingo didala, eta ereduen gestio egoki bat egingo duela, behetik gorakoa, txikitik handirakoa, nahiz eta kasu honetan baskongadetako esperientzia bat izan. Eta, ondoren, modu kontsekuentean jokatuko duela, eta hartu beharreko erabakiak hartuko dituela. Benetan diot horretaz seguru nagoela, eta zerbaitez seguru egoteak, aitor dut, badakar halako sosegu bat, eta lasaitu egiten du norbera.