Eskerrik asko Velasco

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2014ko urt. 20a, 09:06

Manex Agirre

Aurreko astea eta asteburua (urtarrilaren 13tik 17rakoa) era ezberdinetan gogoratuko du hainbat jendek: kazetariek, pasioz; herritar zenbaitek, mendi errusiar batean ibili izan balira legez; politikariek, beren fundamentuaren arabera, urduri edo lasai. Izan du ederretik zerbait: “gertatzen ari da” sindromeak jota mundu guztia, aurpegierak ikusita bakarrik zertan pentsatzen ari ziren asmatu zenezakeen lagunak, eta abar.

Twitter, zoritxarrez, halako egoeren jarraipena egiteko ezinbesteko tresna bihurtu zait niri (zoritxarrez, diot, nola junkie-a xiringatik, behatza telefonotik zintzilik pasatzeko aitzakia ezinhobea baita, denbora mugarik gabe). Eta zer gertatu zen twitterren, aurreko asteko zurrunbiloan? Garai batean pentsaezina zen zerbait: etiketa, hashtag, traola bakar batekin jende olde ikaragarri baten sentsazio komuna laburbiltzea lortu zuen. #eskerrikaskovelasco.


Jende askori gertatu zitzaion: ikusi etiketa, eta esan: “ba bai, horixe zen pentsatzen ari nintzena, neukan sentsazioa; eta bai, buelta eman behar diogu honi, ezkortasunetik baikortasunera pasa, kolpeak jasotzetik kolpeari kolpe t´erdirekin erantzutera pasa behar gara”. Hasier Etxeberriak txikuelina deitu duen hori egin genuen euskaldunok joan den asteburuan, eta #eskerrikaskovelasco jokaldi horren ultra-laburpena besterik ez da. Zeinen azkar doan mundua: orain dela urte batzuk sortzen da aplikazio informatiko bat, sare bihurtzen da, eta azkenean kolektibo baten une bateko pentsamendua saretzen laburtzen du. Etiketa jarri barruan gordea dugunari.


Baina (eta aaaai...), zeinen azkar doan mundua: asteburu batean, bi egunetan, horrenbesterako balio duen etiketa izoztu egin daiteke hirugarren egunean. Eloy Velasco epaileak EPPKko bitartekari taldeko 8 kideak espetxera bidaltzeko agindua eman zuen joan den astelehenean. Noski, etiketa bat etiketa bat besterik ez da: lotuta doanak zer egiten duen, zentzua aldatu dakioke bere esanahiari. Eta, Velasco jaunak astelehenean erabakitakoa, noski, ez da eskerrak emateko modukoa.


Une baterako izan bazen ere, ederra izan zen, bai. Batzuek ez dute inoiz hori ulertuko...

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago