Ikuskizun bat da, eta ezin du izan

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2013ko abe. 17a, 10:59

Manex Agirre

 

Abenduaren 16rako hitzartu genuen artikulu hau, baina, onartuko dit HIRINETeko audientziak aitzakia, elegante gelditzen baita: hitzik gabe, ezin idatzi, ezin tekla-joka hasi BEC-ekoaren hurrengo egunean, oraindik emozioen digestioa egin gabe (digestioa, alferkeriaren bigarren geltoki hori).

 

Besterik gabe, gaur egun modan dagoen idazkera-estiloan, ohar sorta bat igandekoaz:

- Ohiko kultura ikuskizunaren erroetara itzultzeko saiakeratxoa egin du aurten Bertsozale Elkarteak, txapelketa osoan zehar. Bertsoari eman nahi izan dio garrantzia, ekintza artistikoari; eta horregatik soildu du saioen irudia, komunikazio-estrategiak idortu, sinpletu. Alde handia dago orain lau urteko emozioen azpimarratzetik (mendi errusiarra eta beste) aurtengo arrasto horira. Eskertu egin dugu, bide batez esanda. Baina, BEC ez da hori, ezin zaio tratu hori (bakarrik) eman, eta Bertsozale Elkarteak badaki hori.


- Zergatik ez da BEC ikuskizun soila? Jendea ez doalako horretara. Jendea bertso saio (luze, kalitate handiko) bat entzutera doa, baina baita 13.500 lagunen txaloak entzutera ere. Horrek egiten du berezi, bakar. Ez dut esango onerako eta txarrerako denik: onerako bakarrik da, nire ustez. 4 urtean behin egiten delako, eta ospakizun bakar izaera hori barneratua duelako. Mezaren sindromea, esan zuen Andoni Egañak, finalaren aurretxoan. Meza ederra izan zen igandekoa.


- Ahaztu dezagun publikoa, kultur-ekintza bera hainbeste baldintzatzen duena (ezinezkoa da hori egitea, baina egin dezagun), eta jar dezagun begia produktu kulturalean. Igandeko bertso saioa oso ona izan zen, oro har. Kalitate handikoa, une distiratsuduna. Egia da hain ona ez dena ere on bihurtzeko gaitasuna duela BECek (meza kontuengatik), baina txalo behartu gutxi entzun genuen igandean (protokoloak agindutakoak kenduta; hori beste kapitulu bat da).


- Bertsolarietara joz: ez ditut denak aipatuko, denek merezi duten arren. Amets Arzallus izan zen onena igandean, ez dut dudarik: intxaurrondoak astintzen diren bezala ez, bestela astindu gintuen, gozo, leun. Halere, nik, pertsonalki, bi bertsoaldi gorde ditut poltsikoan: Maialen Lujanbioren goizeko kartzelakoa (Iñaki Gurrutxagak Argian ederki dioenarekin bat nator: apustu estilistikoaz haratagako bertsokera Maialenena. Apustua, denaren gainetik. Eskertzekoa) eta Aitor Mendiluze eta Igor Elortzaren puntukako saio bikaina.


Ez dut gezurrik esango: ikuskizun soila izatea sumatzen diot faltan, askotan, finalari. Baina ezin du horrela izan, eta horregatik joango naiz berriz hemendik lau urtera.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago